Hamar urte dira Arteako Herriko Bentak ateak zabaldu ebazala. Arteako Udalarena dan plazako eraikinean gorpuztu dabe hamarkada batez burujaubetzea, etorkinen harrerea eta herrigintza kolektiboa ardatz moduan daukazan proiektua. Urteurrena mugarra garrantzitsua da -aprilaren 18 eta 19an ospatuko da-, atzen urteetan egindakoari atzera begirada bat bota eta etorkizunean be pentsetako. Izan be, kontratua amaituta, Arteako Udalak lehiaketa publikora aterako dau eraikina. Herriko Bentako kideek lizitazinora aurkeztuteko asmoa daukie baina honek ez dau euren etorkizuna ziurtatuten.
Tabernan egiten diran jarduera kultural zein berbaldiakaz herriko plazeari bizia emon eta dendatxoagaz elikadura burujaubetzaren alde egiteaz gainera, Nikole Ziarrusta, Malu Egiluz eta Amina Achbab-ek BEGITUn azaldu dabenez, etorkinentzako harrera etxea da Herriko Benta. Hori da “garrantzitsuena” eta etorkinek harrera etxe duin bat izatea bermatutea lehenesten dabe, plazako eraikina mantenidu ala ez. Holan, proiektuaren erronka eta aukerez, gaurko egoereaz zein etorkizunaz berba egiteko tartea izan dogu BEGITUn Ziarrusta, Egiluz eta Achbab-egaz.

Oin hamar urte ipini zan martxan Arteako Herriko Benta, imaginetan dot aurrelanketa bategaz. Ze hutsune edo behar identifikau zan proiektua martxan ipinteko?
Proiektu sozial baten beharra ikusi genduan. Eraikin handi bat da, goian logelak ditu eta behean tabernea, eta logela horreek erabilera turistiko batera mugatzea pena bat zala iruditu jakun. Erabilera sozial bat bultzatu gura genduan, eta errefujiaduentzako leku gitxi egozan Euskal Herrian, urgentziazkoa zan migrazinoari garrantzia berezia emotea. Holan, hasikeratik harrera etxea bilakatu gura izan dogu eraikina. Hortik harago be, herria egin eta komunidadea egitea garrantzitsua izan da. Alkartu eta alkar ezetuteko espazio bat sortu gura izan dogu, eta zentzu honetan eskerrak emon gura deutsaguz Arteako herriari, hainbat herritar oso hurbil egon dira proiektutik, tabernan eta egitarau kulturalean, baina baita harrera etxean, azpiegiturari jagokozan lanetan edota irakaskuntzatik.
Zeintzuk izan dira urteotan proiektuaren oinarri nagusiak?
Elikadura burujaubetzeak garrantzia berezia dau guretzako, oinarri nagusietako bat hori da. Honegaz batera alkarzaintzea eta alkarlaguntzea. Harrera etxean esperientzia asko konpartiduten dira, batzuk atseginak eta beste asko bizipen gogorrak dira, beharrizan desbardinak dagoz eta honeei alkarzaintzatik erantzuten saiatuten gara. Beste alde batetik, irabazi asmorik bako proiektua garala azpimarratu gura dogu. Irabazten dan dirua proiektuan bertan inbertiduten da, ez da inor aberasten. Esan daikegu aberastasuna azpiegituran edota proiektuaren hazkundean inbertiduten dala (makinaria, instalazinoak, eraikinak…).
"Ez dogu gura instituzio askotan emoten dan asistentzialismotik lan egin; saiatzen gara proiektuak izaera eraldatzaile eta politikoa izaten"
Zelan laguntzen dozuez errefujiadu eta persona migratuak? Instituzino publikoek eskaintzen daben harrera ereduagaz alderatuta, zer eskaintzen dozue zuok?
Hasikeratik egon da harrera duinaren ulerkerea mahaigainean. Ondo Etorri Errefuxiatuak-egaz lanean eta militantzia oso aktibo batetik egin dogu. Ez dogu gura instituzio askotan emoten dan asistentzialismotik lan egin; saiatzen gara proiektuak izaera eraldatzaile eta politikoa izaten. Nola egiten dogu hau? Adibidez euskera eta Euskal Herriari garrantzia bat ematen deutsagu (lehen Arteako Herriko Bentan euskera klaseak emoten ziran, oin Areatzako harrera etxean egiten dira). Nazinoarteko egoereari eta gerra inperialisten gaineko kritikea be asko landu izan dogu, harrera etxeko egunerokoan edota tabernako berbaldiakaz. Bestalde, garrantzitsua da azaltzea gu ZEHAR-egaz alkarlanean gabizala. Programa publikoetan asilo eskaerak kudeatzen dituan elkarte bat da hau, eta guk konbenio bat daukagu eurekaz. Alkarlanean gabiz, honek aukera ematen deusku administrazinoaren mugak gainditzeko. Atzen hau lortzeako, badago erraza ez dan lan bat: errefujiaduak politika objektu izatetik politikaren subjektu izatera pasetea.

Taberna-dendak ze funtzino beteten dau proiektuaren barruan?
Sozializazinorako espazio garrantzitsua da proiektuan eta herrian. Uste dogu herria bizirik manteniduten laguntzen dauala, eta aldi berean proiektuaren helburuak lortzeako espazio garrantzitsua dala.
Hainbat gauza, batez be elikagaiak saltzean dira bertan; nondik datoz?
Bai, bertako produktuek garrantzia berezia daukie. Okindegiko produktuak eta harategiko batzuk Zeanuritik datoz. Barazkiak gure ortutik. Arrautzak, gaztaia, marmeladak, zukuak… inguruko baserrietatik datoz. Badagoz be horren gertukoak ez diran baina ekologikoak izatea saiatzen garen hainbat produktu, beti ezin izaten da gertutasuna mantenidu-ta.
Herrigintza kolektibotik egitea da zuon beste helburuetako bat, zelan eragiten dozue horretan Artean?
Jarduera kulturalaren bitartez egin izan dogu batez be. Jardunaldiak, antzerkiak, kontzertuak… antolatuten doguz, eta honen prestaketa desbardinetan herriko eta Arratiako persona askok parte hartu dabe.
"Guk gureko geunkeena da eraikinak balio sozial bat izaten jarraitzea, hau da, beharrizan desbardinak dabezan herritarrentzako funzino bat izatea, eta ez turismorako bitarteko soil"
Ze ekarpen egiten deutsie herriari antolatuten diran kontzertu eta berbaldiek?
Uste dogu bizitasuna eta kritikotasuna bultzatzen dabela. Sentsibilidadea lantzean da, asko ikasi izan dogu. Eztabaidarako eta alkar ulertzeko tarteak zabaltzen dira berbaldi edo jardunaldietan.
Eraikina Udalarena da eta lehiaketa publikora urtengo da, ze aukera dagoz mahai gainean eta zein da zuon asmoa lehiaketearen aurrean?
Bagabiz Udalagaz alkarrizketetan. Guk gureko geunkeena da eraikinak balio sozial bat izaten jarraitzea, hau da, beharrizan desbardinak dabezan herritarrentzako funzino bat izatea, eta ez turismorako bitarteko soil. Zentzu honetan, guri proiektu publiko-komunitario bat izatea gustauko litzakigu. Dana dala, momentuz, lizitazinoen bidea dago, eta guk proiektu gisa aurkezteko intenzinoa daukagu.
Zer galduko dau Arteak gaurko Herriko Benta barik?
Zer galdu ahal dan baino zer irabazten dan ipini gura dogu erdigunean. Gurea moduko proiektuek balio sozial handia daukiela uste dogu. Erronka bat ekartzen deutso herriari, baina sentsibleagoak eta aktiboagoak bilakatuten gara, ikasi egiten dogu eta komunidadea sendotzen da.
Eraikin barik gelditu ezkero, ze alternatiba ikusten dozuez?
Ezinbestean alternatibak bilatzen ibili gara. Harrera etxea da garrantzitsuena, eta hau mantenduten dogula bermatu gura dogu, eta horretarako alternatiben bila gabiz. Dana dala, ez dogu guztizko ziurtasunik oindino, ibilbidea egiteko dago oindino be.
