BERBALDIA

Venezuelaren egoerea geopolitikearen ikuspuntutik aztertuko da Artean

Asier Abrisketa 2026ko urtarrilaren 12a

Venezuela: herriaren burujabetza eta geopolitika izeneko solasaldia hilaren 17an egingo da, eguerdian, Arratian bizi diran venezuelar bigaz batera.

Urtailaren 3ko goizaldean, Estatu Batuetako armadak aireko erasoaldia abiatu eban bonbaz, Caracas uriburuan zein Venezuelako beste hainbat lekutan. Geroago jakin zanez, jomugea Nicolas Maduro presidentea eta bere emazte Cilia Flores bahitu eta AEBetara eroatea izan zan. Erasoak eta atxiloketen eraginez 100 persona inguru erahil eta nazinoarteko legedia larriki apurtuteaz gainera, Donald Trumpek zapatu arrasti haretan argi azaldu eban erasoaren helburua zein izan zan: “Ahalmen osoa behar dogu petroleoa eta beste gauza batzuk ustiatuteko”. Horrezaz gainera, mehatxu egin eban oin herrialdea berak kontroletan dauala eta gobernu barriak eskatutakoa egiten ez badau, AEBak barriro erasotuteko prest dagozala.

Batzuen poza eta beste batzuen haserrea eragin badau be, argi geratu da erasoaldi hau geopolitika kontuengaitik eragindakoa dala eta geopolitikoki, ondorioak izango dituala. Holan, Arteako Herriko Bentak Venezuela: herriaren burujabetza eta geopolitika solasaldia antolatu dau urtailaren 17rako, zapatua, 12:30ean. Bertan, AEBen erasoaldia herrialde baten burujaubetzaren kontrako ekintza bat izan dala salatuko da eta erasoaldiaren atzean dagozan errazoi geopolitikoak azaleratuko dira. Saioa, Nikole Ziarrusta Artea Sareako kideak gidatuko dau eta beragaz egongo dira Zulay Gil eta Efren Borges, Venezuelan kargu politikoak izan dabezan baina gaur hemen bizi eta Artea Sarearen parte diranak; Borges alkate be izan zan Venezuelako Iturriza udalerrian. Gainera, Gonzalo Fernandez bilbotarra eta OMAL Amerika Latinako lehengaiak ustiatuten dabezan multinazionalen behategiko ikertzaileak be hartuko dau parte solasaldian.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!