Euskal Herrian zapatu goizaldea zanean eta Venezuelan oindino gauez, Estatu Batuetako armadak aireko erasoaldia abiatu eban, bonbaz, Caracas uriburuan eta herrialdeko beste hainbat lekutan. Geroago jakin zan erasoaldiaren jomuga, Nicolas Maduro presidentea eta honen emaztea, Cilia Flores, bahitu eta Estatu Batuetara eroatea. Erasoak eta atxiloketek nazinoarteko legedia larriki apurtuten dabe.
Maduro eta Flores New Yorkeko kartzela baten dagoz preso, Estatu Batuen partetik narkotrafikoa eta ustelkeria leporatuta. Donald Trumpek egindako adierazpenetan azaldu eban, Madurori narkotrafiko sare baten buru izatea leporatuten jakola baina hortik gitxira argitu eban benetako helburua. Adierazo eban Venezuelaren ardurea oin AEBena eta bertan eratuko dan gobernuak Trumpek eskatutako egiten ez badau, esku hartuko dauala eta barriro eraso egiteko prest dagoala. "Ahalmen osoa behar dogu petrolioa eta beste gauza batzuk ustiatu eta herrialdea barriro eregiteko", izan ziran bere berbak.