Udako etenaldiaren ostean, bueltan da Arteako Irakurleen Txokoa. Aurreko urtean lez, Alaine Agirre idazleak hilean behin liburu bat hartu eta honen gaineko lanketea gidatuko dau Arteako Kultur Etxean. Ikasturte honetako lehenengo saioa urri bigarrenaren 17an, barikua, egingo da, 19:00etan. Agirrek aukeratutako liburua Ekaitz Goienetxearen Zaldi mamarroa (Elkar, 2018) da eta idazlea be egongo da bertan.
Lan honek 1980ko hamarkadan heroinak euskal gazteengan izandako eragina dauka ardatz, baina Goienetxeak argituten dauanez, gaur egungo ikuspuntutik. Kostaldean izan eban eragin handiena heroinaren pandemiak baina egileak dinoanez, edozein herritako historia be bada. Holan, kapitulu bakotxean personai bat da protagonista eta beraz, aldatuten doaz ikuspuntuak eta jarrerak. Lan hau Igartza bekeagaz argitaratu zan.
Sinopsia
Karramarroak trabeska ostendu ziren itzaletan. Itsasontzien motor eta zaratetatik aparte, kofradia inguruetako deskarga eta aldarrietatik harantzago, ontziolako karroen artean, amarratutako tresnen kulunka hotsak entzuten ziren olatutxoen txipli-txapla gozoekin batera berdin-belarrezko aldatsean gora eta behera, gora eta behera. Burdinazko kateen kirrinka eta tuklunka metalikoak. Txikoten sokatira teinkadak eta intziriak. Plastikozko buia zanpatuen igurtzi eta aiene desinflatuak. Goma baten flap kolpea besoko azalaren kontra.