Arteako Bildosola auzoan dagoan Basoa Defendatzaileen Etxeak bost urte daroaz zabalik, etorkinak eta mundu osoko burrukalariak artatu zein Arratia zein Euskal Herriko burrukak hauspotuten. Burrukak ehundu eta saretuteko tokia bihurtu da Basoa eta bihar, garagarrilak 12, honen erakusleiho izango da, ate irekien jardunaldia antolatu da-ta.
11:00etan zabalduko dira Basoako ateak eta 11:15etik aurrera zabalduko da Imanol Bueno Bernaola argazkilariaren nortasunak erakusketea. Jarraian, Basoako txoko desbardinak ezetu eta bakotxean zer egiten dan jakiteko bisitea gidatuko dabe Basoako kideek eta gero hasiko da burruka desbardinen gaineko solasaldia. Arratiako Sare Antiarrazistak, Hondurasko Dalila Arguetak, Makatzak Arratiako Ekologistak, El Salvadorgo Hector Barrios eta Zenaida Serranok eta Igorreko Kiñu Gaztetxeak hartuko dabe berbea. Bitartean, umeentzako magia txokoa egongo da.
Solasaldia amaituta, 13:00etan, Mishel Gomezen Uk'ux B'e umorezko bakarrizketea egongo da entzungai eta goizagaz amaituteko, Yan Ekey abeslariak kontzertua eskainiko dau, entzuleak bermutagaz gozatuten daben bitartean. Ostean, 14:00ak inguruan, egingo da "sareak ehuntzeko bazkaria".