Arteako Jai Batzordeak eta Kafrangak andra talde feministeak antolatuta, I. Andrazkoen Frontenis Txapelketea jokatuko da Artean, Carmen Madariaga Bustinza erraketista profesionalaren omenez. Gaur, hilak 26, finalaurrekoak jokatuko dira Arteako frontoian. Hasteko, 17:30ean, Garai-Zapiko vs. Etxebarria-Burgoa eta 19:30ean, Izagirre-Artaraz vs. Iruarrizaga-Arrese partiduak egongo dira jokoan. Irabazle biak urri lehenengoaren 7an, Arteako Jaietan, egongo dira aurrez aurre txapelketea ebatzita ixteko.
Carmen Madariaga Bustinza
Maria del Carmen Madariaga Bustinza (Igorre, 1927-Artea, 2004) erraketista profesionala izan zan eta pelotearen munduan, "Arrati" ezizenez zan ezaguna. Eibarko Astelehena pelotalekuan ikasi eban. 1942an hasi zan profesional modura jokatuten eta batez be, Madril eta Bartzelonan aritu zan jokatuten, Euskal Herrian ez egoan-ta ondo ikusita andrak frontoian ibiltea. 1949an ezkonduteagaz batera itxi eutson erraketista profesional izateari.