literaturea

Goiatz Labandibarren 'Zoo' landuko dabe Arteako Irakurleen Txokoan

Asier Abrisketa 2025ko eka. 4a, 10:40

Zapatuan, hilak 7, 12:30ean egongo da idazlea bera Arteako Kultur Etxean, kanpinetako soziologia irudikatuten dauan istorioen bildumea aurkeztuten.

Alaine Agirre idazleak gidatuten dauan Arteako Irakurleen Txokoko bagileko saioa oingo zapatuan, hilak 7, egingo da betiko lez, Kultur Etxean. Eguerdian, 12:30ean hasiko da saioa eta Goiatz Labandibar konbidau dabe, Zoo (Elkar, 2024) liburua aurkeztu eta hurreratutakoakaz solasaldia egin dagian. Zoo liburuan, kanpin desbardinetan girotutako hamabi istorio kontetan ditu Labandibarrek eta danak batuta, kanpinetako soziologia dibertigarria azaleratuten da.

Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak (Elkar, 2013) izan zan Labandibarrek argitara emon eban lehenengo lana eta Eresia hil-kanta aitari (Elkar, 2025) atzena. Tartean, genero guztietako hainbat lan eta sari ugari jaso ditu Oiartzungo idazleak.

Sinopsia

Paraje urruneneko kanpin galduenera bakardade bila doan familia, igerilekuko monitore gisa xox batzuk atera gura dituan ikaslea, parranda asmotan dabilen gazte taldea, tribu osoa inguruan biltzean daben matriarkak, autokarabanak alkarreri erakutsiz lehiatzen diran bikoteak, lehenbiziko muxua, lehenbiziko ligea, lehenbiziko adar jartzea probauko dauaena… Askotarikoa da kanpinetan mobiduten dan fauna, eta horren lagin eder bat dakarku Goiatz Labandibarrek ipuin bilduma honetan: istorio jostalari eta argiak, begirada zorrotz baina amultsua zuzentzen deutsienak giza jenteari, gure ahulguneak umorez hartu eta opor giroari jagokon arintasunaz ospatzen dituenak.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!