Arteako Basoa Defendatzaileen Etxea munduko txoko desbardinetatik datozan disidenteen topaleku izaten jarraituten dau eta oingoan, Afrikan jarduten daben andra defendatzaileen bilgunea izango da Bildosolako etxea. Izan be, hilaren 7an, eguaztena, Afrika: utopiak ehuntzen - Emakumeak eta disidentziak jardunaldia egingo da. Bertan, 18:00etatik 19:30era, Afrikako hiru alkarteren ordezkaiek euren lanaz egingo dabe berba Basoan. Andra eta LGTBIQA+ komunidadeen eskubideen defentsatik hasita, etorkinen egoeratik pasauz, mobimentu sozialen egituraketara egingo da berba.
Parte hartuko dauan kolektiboetako bat Ekuatore Gineako LGTBIQA+ eta andren aldeko burrukan dabilen Somos Parte Del Mundo izango da eta Mª Esther Mbang eta Mª Isabel Obono izango dira ordezkariak. Beste batetik, Euskal Herrira etorritako Kongoko andren eskubideen defentsan jarduten dauan Famek alkartea egongo da bertan, Marie Lucia Monshenek ordezkatuta. Amaituteko, Inuka Kenya Ni Sisi mobimentu sozial keniarraren gainean berba egiteko, Salima Njoki Machariak hartuko dau berbea.