musikea

IV. Brutal Arratia BBQ jaialdiak girotuko dau Arteako plaza zapatuan

Asier Abrisketa 2024ko ira. 13a, 12:17

Punk, rock eta metal musikearen inguruko hamar talderen kontzertuak ikusi ahalko dira doban; tartean, Mutilated Judge talde arteaztarra.

Zapatuan, hilak 14, Brutal Arratia BBQ jaialdiaren laugarren edizinoa ospatuko da. Urtero lez, Arteako plazan izango dira metal, rock eta punk musikearen inguruko kontzertuak, danak doban, 15:00etatik aurrera. Hamar talde, bai eta nazinoartekoak, dakarzan jaialdia Brutal Arratia Records disketxeak antolatuten dau.

Mutilated Judge da etxean ezagunena, noisegrind musikea egiten dauan bikote hau Arteakoa da-ta. Euskal banden artean RAS grindcore taldea, Sons of Decay eta Llama a la pasma death metal taldeak, Sourhead punk rock taldea, Lokuria hardcore taldea eta Mikey Boy & The Yee-haws country rock taldea be badagoz.

Nazinoartetik be badatoz musikariak, batzuk hurbilagotik eta besteak urrinagotik. Esaterako, Bella Larson & The Scene Kids bubblegun punk taldea Minnesotatik, AEBetan, dator. Crab Monsterd taldea barriz, Portugaldik dator hardcore punk musikeagaz eta Bisturi grindcore talde kantabriarra be egongo da oholtzan.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!