solastalgia

Basilio Pujanari omenaldiagaz zarratuko ditue Solastalgia topaketak

Bea Azpiri 2024ko mai. 23a, 10:14

Astegoien honetan komiki aurkezpena eta solasaldia, tailerra, berbaldia, omenaldia eta kontzertuak egongo dira, Solastalgia topaketari agurra egiteko.

Oingo domekan zarratuko dira Arteako Herriko Bentako Solastalgia topaketak Deiedra Rebel Folk taldearen kontzertuagaz eta Basilio Pujanari omenaldiagaz. Omenaldian Igor Estankonak, Eñaut Intxaurragak, Juanjo Respalditzak eta Amaia Ajuriagerrak hartuko dabe parte.

Barikuan, Euskal Herriko irudi idilikotik urrun dagoan Euskal Herriko turismo gidaliburu deseraikia komikia aurkeztuko dabe Asel Luzarraga eta Xabi Cerezo egileek. Osteko solasaldian, Arantza Kerexetak egingo ditu moderatzaile lanak.

Hurrengo egunean, zapatuan, goizeko 11:30ean, Nerea Zuluagak Arratiako neo-ruralen narratiba tailerra gidatuko dau. Joseba Azkarragak Ezinegonak gizarte modernoan eta Santiago Lopez Petit filosofoak Minaren indarra berbaldiak eskainiko ditue. Solasaldia Iñaki Barcenak gidatuko dau. 

Iluntzean, 20:00etan, Amaia eta Izaroren kontzertua egongo da.

Basilio Pujana bertsolari, idazle eta 1936ko gerrako gudari

Domekako hitzordua 13:00etan da, Deiedra Rebel Folk taldeak kontzertua eskainiko dau-ta ordu horretan hasita. Talde honek musika herrikoia eta irlandar, eskoziar eta old time musika amerikarra nahasten ditu, “era basatian”, punk-aren antzera.

Ostean, Basilio Pujanari omenaldia egingo deutsie eta bertan, Arratiako hainbat bertsolarik eta poetak hartuko dabe parte; Igor Estankona, Eñaut Intxaurraga, Juanjo Respalditza eta Amaia Ajuriagerra dira iragarritakoak. 

Basilio Pujana (Zeanuri, 1913) bertsolaria, idazlea eta Eusko gudariak kantuaren letragilea izan zan eta 1936ko Gerran Ibaizabal batailoiko gudaria.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!