solastalgia

Solastalgia topaketan kultura, kritikea eta lurraldearen gaineko lanketea egiten jarraituko da asteon

Bea Azpiri 2024ko mai. 16a, 15:08

'Piperra hazitik mahaira' dokumentala barikuan proiektauko da, 19:00etan.

Ines Osinagaren kontzertua, mahai-inguru bi, liburu baten aurkezpena eta dokumental bi egongo dira Solastalgia topaketen hirugarren astegoienean.

Ines Osinagak kontzertua eskainiko dau zapatuan, hilak 18, 19:00etan Herriko Bentan, lurraldeari eragindako kalteek sortzean deuskuen egonezaren inguruko Solastalgia topaketen programazinoaren barruan. Oingo astegoienean, dokumental biren proiekzinoak, mahai-inguru bi eta liburu baten aurkezpena be egongo dira.

Barikuan, 19:00etan, Piperra hazitik mahaira dokumentala ikusteko aukerea egongo da eta gero Euskal Herriko Hazien Sareko Joseba Ibargurengoitiagaz solasaldia egongo da Herriko Bentako Malu Egiluzek gidatuta.

Zapatu goizean, 11:30etik aurrera Dimako Artaun auzoan dagoan Antzazti museoko Elena Amezagak Etxea, emakumea eta lurraldea. Mundu tradiozionaletik gizarte modernora titulupeko berbaldian, XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasikerako bizimoduaren barri emongo dau; hau da, bizitza tradizionalak eta modernidadeak topo egin ebenekoaren gainean jardungo dau, andrak eta etxea ardatz hartuta.

Ondoren, Josebe Blancok Hausnarrean. Ardiek egin naute artzai liburua aurkeztuko dau. Modu poetiko baten, egutegi formatuan, Blancok artzainaren egunerokotasuna dakar liburuan. Osteko publikoagaz solasaldian, Bea Azpirik egingo dauz moderatzaile lanak. Arrastian, Ines Osinagaren kontzertua egongo da. Aspaldion, Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandia behin baino gehiagotan egon dira Arratian, errezitaldi musikatu ikuskizunak eskaintzen. Osinaga, Gose musika taldeko abeslaria izan zan eta 2022an atera eben bere bakarkako lehenengo lana, Itsasoa da bide bakarra izenekoa.

Domekan, 17:30ean, XX. mendean gertatutako eraldaketen gainean hausnartzen jarraituko dabe topaketetan. Gorka Merenen txandea izango da Euskal Herriko landa paisaiaren eraldaketearen ikuspegi etno-ekologikoa eskainiko dau. Ostean, Mikele Landaren Noizko basoa dokumentala ikusteko aukerea egongo da. Publikoagazko solasaldia Maialen Azpillagak gidatuko dau.

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!