palestina

Gazako genozidioari aurre egiteko deialdia dago Basoa defendatzaileen etxean

Asier Abrisketa 2024ko mai. 3a, 11:13

Zapatu goizean zehar, 10:00etatik aurrera, berbaldi eta eztabaidak egongo dira Basoan; gero, "Gazako genozidioa salatzeko etorkizuneko ekintzak proposatzeko" tartea zabalduta.

Argituz Giza Eskubideen alde lan egiten dauan alkarteak deituta bihar, maiatzak 4, Gazako genozidioari aurre egiteko jardunaldia antolatu da Arteako Basoa defendatzaileen etxean. Berbaldi eta eztabaidarako tarteak zabalduko dira baina helburu nagusia, genozidioa salatzeko etorkizuneko ekintzen proposamenak egitea, eta honeek aurrera eroatea, izango da. Holan, deialdia ahalik eta jentetsuena izatea gura da.

Goiz osoan zehar izango da Palestina berbagai Basoan. Armozutik, 10:00etan, hasi eta jarraian hasiko dira burubelarri. Lehen berbaldia, 10:30ean, Juan Hernandezek eta Juan Ibarrondok emongo dabe: Krisia, Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen aurkako erasoak eta militarismoaren gorakada munduan izenpean. Gero, bertan urtendako gaien inguruko solasaldi-eztabaidarako tartea egongo da.

Eguerdian, 12:00etan, atsedena eta kafea hartu ostean, talde argazkia aterako dabe hurreratutakoek. Jarraian egingo da eguneko ekintza nagusia, hain zuzen be, genozidioari aurre egiteko ekintzen proposamenak batu eta antolatzea.

Hau eginda, 14:00etan Basoa ezetuteko bisita gidatua antolatu dabe eta gero, batera bazkalduteko tartea egongo da. Gainera, bazkalostean, Alfonso Aramburuk hartuko dau berbea, bere olerkietako batzuk errezitetako.

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!