Makatzak Arratiako Ekologistak taldeak antolatuta, Bildosolan haretx gazteak landatzeko ekimena egingo da martiaren 9an, zapatu goizean. Bildosolako industrialdearen amaieran dagoan aparkalekuan batuko da jentea 10:00etan eta bertan banatuko dira ehun haretx gazte. Ahal dauanak, atxurra eta beste tresnak ekarteko be eskatu dabe.
Bildosolan, N240 errepidearen zuzenguneetako bi aldeetan, ehunka urteko haretxak dagoz oindino eta euren ezkurretatik atera ditue asteon landatuko diran ehun haretx gazteak. Honeek landatzea ez da helburu bakarra. Izan be, Makatzakek azaldu dau, "ekintza sinboliko" bat dala, baso mota honeetarako azalera gehiago behar dala aldarrikatzeko: "Haresti atlantiko mistoa gurean daukagun basorik aberatsena da biodibersidadeari jagokonez".
Gainera, ekintza honen bitartez biodibersidade aberatseko basoak hazte ixteko azalera publikoak askatzea eskatuten dabe ekologistek: "Txalogarria da Euskal Herrian hainbat udal hasi dirala mendi publikoak etorkizuneko biodibersidade-gune bihurtzen. Udal horreetako asko lurrak edo mendiak erosten dabiz beren-beregi xede horretarako".