June Baonzaren Ama ta Asunak erakusketea eta dokumentalaren emonaldia Artean

Ager Barragan 2023ko eka. 5a, 13:18

Kafrangak talde feministeak antolatuta, June Baonza Pagaldai artista durangarraren erakusketea eta dokumentalaren emonaldia egongo da Artean.

June Baonza Pagaldai LGTBI+ eta feminismoaren gaietan espezializauta dagoan diseinatzaile grafikoa eta ilustratzailea da eta horretaz gainera, “Durango Sor(tzaileen)Leku” sariaren irabazle eta argazkigintzako zein beste hainbat tailerretako irakaslea be bada.

Hilaren 8an, eguena, arrastiko 19:00etan, bertan, Ama ta Asunak dokumentala proiektau eta bere sei lan grafikoen erakusketea egongo da egun bakar batez.

Egileak berak, holan azaldu eta definidu dau bere proiektua: “Pribadutasunean gorde izan dana, herriko plazara ateratea bezala ulertu behar da amatasunaren politizazinoa. Zenbat bete bako espektatiba jaurtitzen dira emakumeen bizkar gainera? Non biltzen dira hautu hau jarraitzen ez dabenen bizi esperientziak?

Zer da alaba izatea? 6 bizi esperientzia, 6 hautu. Asunak. Ama ta asunak. Proiektu honek erresumin horreei guztiei heldu gura deutse. Adierazteko behar daben arnas gunea eskaini, azaleratu eta loratu daitezan. Gozamenari eta minari, duintasun beragaz lekua emon, bizigarriagoak izango diran espazioak sortzeako”.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!