musikea

Zuzeneko country rocka egongo da Artean

Asier Abrisketa 2023ko ots. 15a, 12:25

Mikey Boy & The Yee-haws taldearen kontzertua zapatu gauean izango da Herriko Bentan.

Arteako Herriko Bentak kontzertua antolatu dau zezeilaren 18rako, zapatua, 21:30etik aurrera. Brutal Arratia Recordsek aurkeztutako kontzertua izango da eta arteaztar bi be badagoz Mikey Boy & The Yee-haws bandako taldekideen artean, Mutilated Judgeko taldekide bardinak hain zuzen be.

"Honky tonking country for redneck outlaws" modura aurkeztuten dabe euren musikea, hau da, baserri eremuetako bidelapur eta gaizkileentzako honky-toking country musikea eginten dabe.

Honky tonk berbea XIX. mendean sortu zan Amerikako Estatu Batuetako hegoaldean, nekazari eta langile zuriak joaten ziran eta zuzeneko musikea egoten zan tabernak izentetako. Gero, bertan joten zan musika estiloari ipini eutseen izen bardina. Berez, pianoagaz joten zan hasikeran baina gaur, country musikarantz egin dau bilakaerea.

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!