etxebizitza eskubidea

Itziar eta bere hiru seme-alabak etxetik kanporatzea ebatzi dau epaileak

Asier Abrisketa 2022ko maiatzaren 3a

Bihar, maiatzak 4, 13:00etarako dago iragararrita etxe-hustea. Familia babestu eta kaleratzea saihesteko deialdia egin dau Kiñu Gaztetxeak goizeko 10:30ean.

Durangoko lehen auzialdiko eta instrukzinoko 3. epaitegiak Artean bizi diran Itziar eta bere hiru seme-alaben kaleratzea agindu dau. Ebatzi hau dibortzio prozesu baten ostean heldu da, Itziarren senar ohiak Astuibekoa kaleko etxean bizi dan familia kanporatzeko eskatu dauanean. "Psikologikoki, umeentzako golpe bat da euren aitak etxetik botatea", azaldu deutso Itziarrek BEGITUri. Izan be, seme-alabetako bi adin txikikoak dira, bederatzi urteko bikotxak. Larritasuna gehituz, kaleratzea, umeak amaren etxean dagozan astean burutuko da. "Zer ikusiko dabe umeek, 17:00etan eskolatik heltzerakoan?" galdetzen deutsa bere buruari.

Senarraren jarrereagaz bakarrik ez, prozesu judizial osoagaz harrituta bezain arduratuta agertu da Itziar: "Emakumeori, txarto ez, txarrago tratetan jaku epaitegietan, bardin dau epailea gizon ala ala andra izan". Alde batetik, azpimarratu dau ez daukala zentzurik epaileak kaleratzea ebaztea Itziar propiedadearen %50aren jaube danean eta gainera, epaitegian be, senar ohiari bere zatia alkilau edo erostea behin baino gehiagotan proposatu dauanean. Bestetik, Itziarrek gogoraratu ez daukala beste etxe alternatiborik, ez eta bat erosi edo alokatzeko aukerarik. Izan be, egoera prekarioetan egiten dau lan, soldatearen zati handi bat lanerako garraioak konsumiduten deutsalarik.

BEGITUri azaldu deutsanez, epaileak ez dau Itziarrentzako inolako kalte-ordainik eskatu, desbardintasun ekonomiko nahikorik ez dagoalako. Errealidadea beste bat da, izan be, Itziarrek urteroko 13.000 euroko diru-sarrerea baino ez dauka, "berak barriz, 60.000 euro kobretan dauz".

Etxe-hustea eguaztenean

Maiatzaren 14an, komitiba judizialak eta Ertzaintzak, Astuibekoako etxebizitza 13:00etan husteko agindua daukie. Itziarrek BEGITUri argi itxi deutso momentuz ez dala etxetik urtengo, "beste etxeren bat opatzen badeustie balorauko neuke". Etxe kanpoan, familiagaz alkartasuna adierazo eta kaleratzea saihesteko, Kiñu Gaztetxeak 10:30ean Arteako udaletxean batu eta Astuibekoara hurbiltzeko deialdia egin eban atzo. Gaur bertan, Arteako Kafrangak talde feministeak, Guraso Elkarteak eta Artea Sareak be egin dabe Itziarren familia babesteko deialdia.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!