herri mobimentua

Podere korporatiboaren aurka batuko dira ekofeministak Basoan

Asier Abrisketa 2022ko api. 1a, 12:35

Aprilaren 2an Latinoamerikako, Afrikako, Espainiako, Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko alkarte ugari batuko dira Bildosolako defendatzaileen etxean.

Botere korporatiboen aurkako aliantza ekofeministak izenpean ospatuko da Basoan nazinoarteko topaketea aprilaren 2an. 10:00etan hasiko da jardunaldia ondo-etorri ekitaldiagaz. Argentina, Brasil, Uruguay, Senegal, Mexiko, Guatemala, Katalunia, Espainia eta Euskal Herriko ekofeministak batuko dira, mahai-inguruetan parte hartu eta alkarregaz esperientzia eta burrukak partekatzeko.

Lehenengo mahai-ingurua izango da  Botere korporatiboen kontrako agenda feminista bat, honen helburuak dira lehentasunak adostu eta danen artean, burrukan aurrera egiteko nazinoarteko agenda bat zehaztuten ahalegintzea. Bigarren mahai-inguruan, 12:30etik aurrera, babes eta laguntasun feministearen inguruko, tokiko eta nazinoarteko, esperientziak partekatuko dira.

Gero, 14:30ean bazkalduko dabe, arrastiko 17:00etan debateagaz hasi aurretik. Eztabaidarako gaia "Nazinoarteko aliantzak ehuntzea" izango da. Bertan saiatuko dira munduko txoko desbardinetako burrukak batzeako moduak topetan.

Eztabaidak amaituta eta jardunaldiari amaierea emoteko, kontzertua egongo da iluntzean, 20:00ak aldera, Celeste Agüerok La encendida emonaldia taularatuko dau, latinoamerikako poesia eta musikea Arratiara hurbilduz.

Eztabaidaren jarraipena

Paz con Dignidad alkartearen Omal (Multinazionalen Behatokia Latinoamerikan) proiektuak antolatu ditu nazinoarteko topaketa feministea eta eztabaidak.  Arteako Basoan egingo dan topaketearen ostean, eztabaida jardunaldiek jarraipena izango dabe datorren astean: aprilaren 4an Bilbon, 5ean Hernanin eta 6an Gasteizen.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!