Atzen Durangoko Azokan aurkeztu eban Alaine Agirrek Karena eleberria. Sara protagonistak honen amatasunean egiten dauan bidea kontetan dau istorioak. Andra askoren errealidadea kontetako modu bat be bada liburua, izan be, amatasuna ez da bakarra.
Arteako Irakurleen Txokoa saioan be amatasunak izango dira berbagai bariku iluntzean. Ama izateko desioa, harremanetako gatazkak, haurdunaldia, abortu eta erditzeen inguruan egingo da hausnarketa kolektiboa.
Sinopsia
Amatasunagaz lotutako hainbat gai, normalean isilpean eta ostonduta geratzen diranak agerrarazten dauz Alaine Agirrek, intensidadez eta hunkiduraz idatzitako eleberri honetan: Lagundutako Ugalketa teknikak, horren ondorio fisiko eta psikologikoak, bikoteko batek guraso izateko besteak baino gogo gehiago dauanean sortzean diran arrakalak, amarenganako errespeturik bako erditzeak, bilatu bako abortuak eta horren doluak…
Egilearen ohikoa dan indar eta pasinoagaz kontatzen deusku Sara Mendizabal protagonistearen ibilbidea, lirismoz eta musikalidadez, minetik edertasuna sortuz, gorputzaren barrutik uniberso oso bat eraikiz.