Gaur, hilak 19, Gernikan ospatu dan Bizkaiko Batzar Nagusiko osoko bilkuran eztabaidatu beharreko gaien artean egon da Arteako banderea onartzeko puntua. Izan be, Arteak ez dau bandera ofizialik izan oin arte.
Gorka Beitia Arteako zinegotziak azaldu dau, gaur onartu dan banderearen diseinua 2002koa dala. Orduan, Udalak Arteako historia, bertako sinbolo eta ikurren inguruko txosten bat bidali eban Espainiako Vexilologia Soziedadera, honek bandera proposamen bat egiteko.
Bertan, antxinako Arteako familia garrantzitsuen eta Elizatearen armarrien diseinuak deskribatzen dira. Holan, Juan Jose Gonzalez vexilologoak banderaren diseinua egin eban. Hau izan zan bere proposamena.
"Bandera laukizuna, 2:3 proportzinokoa; urdina, erdian hori kolorezko zitori horizko antza daukana; kurutzearen besoak bardinak dira, eta aldetik aldera 4/5 neurria daukie, zabalera 1/10ekoa da. Proportzino bi horiek entseinaren zabalerearen eta makilaren arabera; goitik beherako zerrenda zatituza, zuria eta gorria, horren zabalera, luzeraren 1/3 da".
Baina 2002an ez zan proiektu hau aho batez onartu eta udaletxeko kajoietan gelditu zan itxaroten. Hamazazpi urte egin ebazan kajoian, legealdi barriagaz batera prozesua barriz martxan ipintea ebatzi zan arte, Gorka Beitiak dinoanez, "bandera alternatiborik aurkeztu ez dalako". Udalbatzan, 2019an aurkeztu zan barriro eta onartuta gelditu zan, baina ez aho betez. EH Bilduko zinegotziek, ez eben bozkatu.
Halanda be, EAJko lau botoakaz onartu eban Udalak Banderea eta hau legeztatzeko tramiteak hasi ziran. Foru Aldundiak 2021 hasikeran emon eban baiezkoa eta martian, Gernikako zugatzaren arbasoaren landaketa eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusiaren presidentearen bisitea aprobetxauta altxau zan lehenengoz Arteako banderea.