Arratiako Sahararren Alkarteak Saharako gatazkearen historia plazaratu dau Iraultza Txikien Akanpadan

Asier Abrisketa 2021ko abu. 29a, 19:04

"Argelian edo Kuban, medikuntza edo ingeniaritza ikasita be, bueltan betiko harea da Saharakoa. Lanik ez dagoan bitartean etengabe hustuten da gure herria".

50 personatik gora batu ziran Basoan Saharako burrukearen barri jasoteko. Te tradizionala banatuta hasi zan gatazkearen beso danak jorratu ebazan berbaldia: kulturea, andrak, burruka armatua, errepresinoa, geopolitikea, diplomazia eta abar.

Sahararen okupazinoaren historia azaldu eben lehenengo, Espainiak eta Marokok atzen mendeetan eregi dabezan erregimenen gora-beherak kontau eta erresistentzia ahaleginak azalduten. Sahararren gaurko egoerea be plazaratu eben, hiru zatitan banatutako komunidadea da: kanpamentuetakoa, diasporea eta Marokok okupautako lurretako jentea. Egoera txar honetan be, gatazka gobernu artekoa dala gogoratu gura izan dabe: "Ez daukagu arazorik Marokoko herritarrakaz, gobernu arteko talkak dira gureak. Marokok ez dau gugaz berbarik egin gura, Argeliagaz dabiz negoziazinoan baina ez dira akordio batera heltzeako gai". Argeliak oin dala aste bat hartutako erabagian inguruan be gogoetatu da berbaldian, izan be, erlazino diplomatikoak eten dauz Argeliak Marokogaz.

Okupautako lurraldeetan bizi diran sahararren egoerea ezetuteko aukerea be emon eben hizlariek. Leku honeetan mobilizazino eta protesta zibilak "ia ezinezkoak" dirala azaldu eben. Burruka klandestinoaren inguruan itaunduta, burruka armaturik ez erabiltea Frente Polisarioaren erabagia izan zala azaldu eben: "Ez dogu minik gura, urtenbide bakarra topetan dogu, hau da, independentzia". Bide honetan, sahararren batasuna handia dala esan eben, arazoa oso gitxi dirala gehituta.

Okupazinoaren arrazoien inguruan be itaundu eben ikusleek, erantzuna argia izan zan: arrazoi ekonomikoak. Afrikako fosfato meategi handienak dagoz Saharan eta bertako itsasoan dago munduko arrantza eremu garrantzitsuenetako bat: "Europako dozena bat enpresek parte hartzean dabe gure aberastasunak ostuteko prozesuan".

Hartu-emon internazionalak dira Saharako Errepublika Demokratiko Arabiarrak daukan beste arazo bat. Amerikako Estadu Batuak dira Marokoren laguntzaile nagusiak, izan be, Maroko izan zan AEB estatu moduan aitortu eban lehenengo herrialdea. Holan, Sahararen laguntzaileak gitxi dirala azaldu dabe. Honeetako batzuk dira Kuba, Venezuela, Palestina eta Argelia.

Amaituteko euskal herritarren laguntzea be eskertu dabe Frente Polisarioko berbalariak: "Kanpoko laguntzeari esker bizi da gaur Saharako herria". Honeek be umetan uda pasatzera etorritakoak dira, gaur ehundaka umek egiten daben modura, bertako familien laguntzeari esker. Etorkizun librea hartu-emon internazionalista honeeri esker etorriko dala uste dabe saharararrek.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!