HAUTESKUNDEAK

Astegoienean egingo dira aurreratutako Hauteskunde Orokorrak

Erredakzinoa

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak hiru urte eroazan eskoiaren eskaerei ezetza emon eta 2027ra arte gobernauko ebala esaten. Atzenean, urri bigarrenaren 5ean iragarri eban Hauteskunde Orokorrak aurreratu egingo zirala, etxebizitzeagaz lotutako dekretu biek kale egin ostean eta besteak beste, eskoiaren presino, ustelkeria kasu, tren istripu, etxebizitzarako arazo, Ceuta eta nazinoarteko panorama gogorrak berezitu dauan legegintzaldi baten ostean.

Hauteskunde honeetan hilaren 13an hasi zan kanpaina aurreko egunetako Greba Orokor jentetsuak eta hurrengo egunean bozkatu ziran etxebizitza dekretuek pisu handia izango dabe. Diputazino Iraunkorrean (kongresua deseginda dago eta 69 kidek bakarrik emon leikie botoa) bozkatu ziran dekretu biak. Etxegabetzeen aurkako dekretua estu-estu (35-34) onartu zan baina alokairuen kontratuak automatikoki barriztuteko dekretua ez, PP, Vox, JxC eta EAJ kontra agertu ziran-ta.

Inkestak 
Estadu mailan inkesta gehienek PP eta Vox-ek ordezkatutako eskoiari emoten deutsee garaipena eta hilaren 12an kaleratutako CISen inkestea da eskoi espainolak gehiengo osoa eskuratuko ez dauala dinoan bakarrenetarikoa. EAEn be, Soziometroak aldaketa nabariak aurreikusten ditu. Bizkaia eta Gipuzkoan EH Bildu litzateke irabazlea eta Araban, PSE. 

Proiekzinoak dino, EAEn holan banatuko leitekezala diputaduak: EH Bilduk zazpi (+2), PSEk bost (=), EAJk lau (-1) eta PPk bi (=). Emaitza honeekaz, EAJk ezingo leuke talde propioa osotu kongresuan.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!