ARRATIA

Arratia zuri-beltzean, denpora zaharretako bidaia bat 300 iruditan

Erredakzinoa

Arratia zuri-beltzean: Arratiaren memoria grafikoa 300 iruditan liburuaren azala

Arratia zuri-beltzean: Arratiaren memoria grafikoa 300 iruditan izenburua daroan liburua —Jon Urutxurtuk euskeraz eta gaztelaniaz idatzia— argitaratu dau ointsu Bizkaiko Foru Aldundiak. Izenburuak liburuaren oinarria diran 300 bat zuri-baltzezko argazkiei egiten deutsa erreferentzia: batez be XIX. mendearen amaieratik 1970eko hamarkadara arteko zuri-baltzezko argazkiak. Irudi adierazgarriak aurkezten dira, jagoken testuinguruan kokatzen dabezan testu laburrez lagunduta.

Egilearen arabera, “lan honek denpora zaharretako bidaia eta memoria-ariketa izan gura dau. Aurkezten diran irudien bidez zera proposatzen jako irakurleari: Arratiako historiaren arlo adierazgarri batzuk ezetutea, gogoratzea, behatzea eta iraganeko analisia egitea eskualdean, arlo desbardinetan emon diran eraldaketa esanguratsuenez ohartzeko: janzkeran, lanean, ospakizunetan, hezkuntzan, sinismenetan, urigintzan, gizartean...”.

Liburua osotzen daben 184 orrialdeen edukiak 10 kapitulutan banatuta dagoz, honako izenburu honeekaz: Arratia ibaia; Garraio- eta komunikazioazpiegiturak; Gorbeia, Baltzola eta bainuetxeak; Ekonomia; Gizartea; Politika; Hezkuntza eta kultura; Aisialdia eta kirolak; Gerra Zibila eta Epilogoa: Postrea, Areatza/Villaroko guardia zibilak. Kapitulu horreetako bakotxak alderdi esanguratsu batzuk jorratzen ditu: esate baterako, gizarteari eskainitako 

kapituluan, janzkerea —“arratiar trajea”—, demografiaren ingurukoa, auzokidetasuna, Artea eta Areatzako apaiztegiak, baltseoaren edo jantza lotuaren debekua, Areatza/Villaroko Bolivar Asiloa… aitatzen dira, eta atal horreetako bakotxa irudiakaz ilustrauta dago. 

Erakusten diran 300 irudietatik gehienak zuri-baltzezko argazkiak dira, XIX. mendearen amaieratik XX. mendeko 1970eko hamarkadara artekoak, baina beste era bateko dokumentuak be badagoz: Arratiako tranbiaren txartelak, publizidade-iragarkiak, aldizkari eta egunkarietako azalak, bailarako paisaiak eta eszenak islatu ebezan margolarien lanak... eta irudi horreek testuinguruan kokatzen dabezan testu laburrez lagunduta dagoz. Egileak dinoanez “irudien ondoan, elkarrizketen bidez, artxiboetan egindako konsulten bidez, hemerotekan egindako arakatzeen bidez… lortutako informazinoan oinarrituz, irudiak osotzen dabezan azalpenak emoten dira”.

Irudiek historia, kulturea eta norberaren nortasuna ulertzen laguntzen daben iraganerako leiho zuzen gisa jokatzen dabe. Horreetako batzuek parebako momentuak, arraroak eta harrigarriak islatzen ditue, berbarako: XIX. mende amaierako arratiar janzkereak, artisten paisaia margolanak, 1924an Gorbeiako kurutzera autoz egindako lehen igokerea, arratiar toreatzaileak, Soberano Arratia andrazkoen lehen futbol taldea, Felix Eruskin jabalinajaurtitzaile iraultzailea, eskolak, zinemak…

Arratia bailarea, Bizkaia isolatu eta zaharkituaren paradigmea?
Sarritan Arratiako bailarea isolatuta eta txarto komunikauta egoan eskualdetzat eta Bizkaia sakonaren paradigmatzat hartu izan da. Baina hori ez da holan izan: Erdi Aroan, Gasteiz eta Bilbo lotzean ebazan kaltzada edo errege-bideak bailarea kurutzatuten eban: Ubide pasau ostean, Saldropotik —ez Barazarretik— Zeanurira zuzentzen zan, Areatza/Villarotik —1338an sortutako uribildua, merkataritza-bide hori indartzeko— jarraitzen eban, eta Artean, Ugao-Miraballeserantz — ez Igorrerantz— desbideratzen zan, handik Bilbora ailegetako.

XIX. mendearen erdialdean zabaldu zan Arratiako errepidea —“Arratiako Errege Bidea” izenekoa, gaur egungo N-240 errepidea—: Urgoititik (El Gallo) Barazar mendaterantza joian, bailarako udalerriak zeharkatuaz. Igorren, Dimatik etorren bideagaz bat egiten eban.

1882ko bagilaren 1ean, Bilbo eta Durango lotzean ebazan Ferrocarril Central de Vizcayaren zerbitzu publikoa zabaldu zan. Ondorioz, Bediak eta Lemoak garraiobide barri bat izan eben: trenbidea.

1902ko abenduaren 6an, Bilbotik Durangora eta Arratiarako Tranbia Elektrikoaren linea inaugurau zan —Arratiako tranbia izenez ezetuten dana—, Durango eta Arratiako bailarako herriak alkarren artean eta herri horreek Bilbo Handiagaz lotzean ebazana. 

Tranbiak 1964. urtearen amaieran itxi eutsan zerbitzua emoteari. Data horretatik aurrera, N-240 errepidea izango da Arratiako bailarako garraio eta komunikazino azpiegitura nagusia. 

XIX. mendearen amaierako hamarkadetan, imajinario kolektiboarentzako Arratia leku ezkutu eta misteriotsua zan, eta tradizionalistek euskal ohituren garbitasunaren erreserbatzat hartzean eben.

Unamunok bere Recuerdos de niñez y mocedad liburuan dino: "Nire garaian, eta uste dot oin be, Arratiak bilbotarrentzat, Bizkaiko jatorrizkoena eta jatorrena irudikatzen eban, kanpotik datorrenaren aurrean sendotasunez manteniduten dana, Bizkaiaren bihotza. Arratia legendea zan” (Unamuno, 1990: 110). “(...) Arratiarra! Arratiarra guretzako legendaz inguratutako izaki mistikoa zan” (Unamuno, 1990: 100).

Testuinguru horretan, artista askok Arratia bailarara jo eben behin eta barriz, euskal tradizinoen konserbazinoaren paradigmatzat eta euskal arkadiaren iruditzat hartzean baieben. Gainera, XIX. mendearen erdikaldean garraioetan emon ziran hobekuntzek —Arratiako errege-bidea zabaldu zan, gaur egungo N-240 errepidea— artista eta bidaiariak eskualde honetara etortea erraztu eben. Juan de Barroeta (1835-1906), Anselmo Guinea (1854-1906), Fernando de Amárica (18661956), Aurelio Arteta (18791940), Álvaro Alcalá-Galiano (1837-1936)... margolariak bailarako herrietara hurbildu ziran euren paleta, pintzel eta pigmentuakaz, mende aldaketan Arratiako paisaien eta bizitzearen hainbat alderdiren eszenak irudikatzeko.

Bailarak argazkilari edo argazkizaleen jakin-mina be erakarri eban, berbarako Eulalia Abaitua bilbotarrarena, Indalecio Ojanguren eibartarrarena, Gerardo López de Guereñurena, Enrique Guinea Maquibarrena, Tomás Alfaro arabarrena... Euren irudietako batzuk liburu honetan jasoten dira. 

Bestalde, Arratiak argazkigintzearen aitzindari bat izan dau, Felipe Manterola, hain zuzen be, eta honek XX. mendearen hasikerako bailarako eta bereziki Zeanuriko bizitzea islatzen daben irudi ugari itxi ebazan. 

Arratia zuri-beltzean liburuak Arratiako memoria kolektibora hurreratzea ahalbidetuko dauan lekukotasun bisuala izan gura dau. Iragana ezetuteak oraina ulertzen laguntzen dau eta etorkizuna argitzen dau.

Non eskuratu 
Liburua Areatzako + Ke... PAN, Arteako Herriko Bentan, Igorreko Estankoan eta Orrie paperdendan, Lemoako Amorrortu jatetxean eta Argazkilunen, Zeanuriko Loli-Leire dendan, Durangoko Azokako BFA-ren standean, Bilboko Foru Liburutegiko dendan eta bizkaia.eus/argitalpenak estekan lortu daiteke.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!