“Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez!” lelopean deitu eben zemendiaren 11ko Greba Orokorra Etxebizitza Sindikatuen Sareak, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, ELAk, LABek, Steilasek, ESKk, Hiruk eta Etxaldek. Deialdiaren ondorioz, eta milaka eta milaka langilerentzako etxebizitzearen auzia jasanezina dala frogatuaz, atzen urteetako Greba Orokor eraginkor eta jentetsuena izan zan. Sindikatuen arabera, Bilbon 70.000 persona urten ziran kalera eta Hego Euskal Herrian, 200.000 inguru; deigarria izan zan parte-hartzaile gazteen kopuru nabaria. Bilbon, manifestazino-buruak Jesusen Bihotzean hogei minutu eroazenerako, amaierakoak hasikerako puntuan egoazan oindino, Arriagako zubian.

Gurean be, eragin handia izan eban grebeak. Goizean goizetik, 05:00etan, 30 bat lagunek Lemoatik Igorreraino martxea egin eben errepidetik eta auto ilara luzeak eratu ziran, antolatzaileen esanetan hiru kilometro ingurukoak. Martxoko Greba Orokorrean supermerkatu, taberna eta denda txiki asko zabaldu ebezan, gero piketeak paseterakoan zarratu ziranak. Baina oingoan, goizean goizetik mantenidu ziran komertzioen gehiengoa guztiz zarratuta egun osoan zehar. Hezkuntzan be, grebearen jarraipena ia erabatekoa izan zan bai institutu bai eskoletan.
Industria arloan, desorekatuagoa izan zan parte-hartzea. Cementos Lemona guztiz gelditu zan, Ormazabaleko aparkalekuan langile falta nabaria igarten zan baina produkzinoa ez zan eten eta BATZen lanean ibili ziran. Tailer txikerragoetan barriz, asko egon ziran zarratuta baina ikusten ziran ateak zarratuta egonda be, langileen kotxeak bertan egoazala.
Manifestazinoa Igorren
Arrastiz, grebalariek manifestazinoa egin eben Igorreko kaleetatik eta bertan be igarri zan, euriak arrastia hartu baeban be, aurreko grebetan baino sano jente gehiago egoala. Manifestazinoa amaituta, Kultur Etxeko plazea jentez-lepo komunikadua irakurri eban Arratiako Greba Komiteak. Bertan salatu eben, “egoerea jasanezina” dala: “Langile klasea pobretuten dabil, enpresari eta espekulatzaileek irabaziak handituten dabezan bitartean; etxebizitzea eskubidea izan behar da, osasungintzea eta hezkuntzea diran moduan”.
Putre-funtsak, bankuak eta errentistak seinalau ebezan oztopo moduan, “danak dabiz gure bizitzearen kontura irabaziak egiten” eta honen arduradun, klase politikoa dala azpimarrau eben: “PSOEk gidatutako gobernuak ez dau ezer egin egiturazko aldaketak emoteko eta EAJk, negoziazinoetan errentismoaren interesak defendiduten ditu”. Bestetik, andrek eta sexu-genero disidenteek, gazteek, migratzaileek eta persona arrazializatuek etxebizitza sarbiderako daukiezan oztopoak be azpimarratu ebezan.