ARRATIA GARBIA

Arratia Garbian hondakin sortzaile handiakaz be egingo da lan

Ager Barragan

Gaikako bilketan herritarrak konzienzieteaz gainera sortzaile handiak diran eskola, egoitza eta jatetxeetara bisitak egin dabez. Sortzaile handientzako foro bat antolatu dau mankomunidadeak bihar, hilak 4, mankomunidadearen eraikinean bertan arrastiko 14:00etan.

Arratiako Udalen Mankomunitateak hondakinen gaikako bilketearen inguruan konzienziau eta informetako Arratia Garbia kanpainea dauka martxan eta kanpaina honegaz, herritarrakaz lanketea egiteaz aparte ahalegin berezia egin gura da hondakin organikoen tratamentuaren gainean. Horregaitik, zeresan handia daukie jantokia daben erakunde eta enpresek: eskolak, adinekoen egoitzak, jatetxeak, taberna handiak…

Mankomunidadeko ingurumen teknikariek, ekoizle handi horreei bisitea egingo deutsee, Aitor Uriguen teknikariak begitun azaldu dauanez, “organikoaren bilketa selektiboa sustatzeko eta elikagaien xahuketearen kontrako aholkuak emoteko”. Gero, erakunde eta enpresa horreek, zein Igorre eta Lemoako merkatari alkarteak, Sortzaile Handientzako Forora konbidatuak izango dira.

Sortzaile Handientzako Foroa

Foroa bihar, hilak 4, egingo da, 14:00etan mankomunidadearen eraikinean bertan. Foroan, 1/2025 legeak negozio horreetan daukan eragina azalduko da eta gainera, araudi barria zailtasun barik beteteko aholkuak emongo dira. Izan be, soberakinak zelan kudeatu ulertu eta eginda, xahuketea saihestu eta kostuak aurrezten ditue bai mankomunidadeak bai negozioek.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!