Gizonezkoen Arratia A taldeak zapatu arrastian jokatu eban Urbietan Gernika Sporting taldearen kontra eta 0-1 galdu eban. Arratia atzen partidu biak irabazita etorren baina ezin izan eban hirugarren garaipena lortu. Kanpokoak bigarren zatiko 5. minutuan aurreratu ziran eta holan amaitu zan partidua. Bost jardunaldiren ostean 6 puntu ditu Arratia Ak eta hamargarren postuan dago. Datorren partidua San Pedro taldearen kontra jokatuko dau hilaren 25ean, 17:30ean.
Gizonezkoen Arratia B taldeak be zapatu arrastian jokatu eban, baina etxetik kanpo. Arratiarrek denporaldiko lehen garaipena lortu eben San Miguel taldearen kontra 0-2 irabazita. Gol biak Ekain Garaizarrek sartu ebazan 27. eta 57. minutuetan, bigarrena penalti baten ondorioz etorri zan. Bost jardunaldiren ostean 4 puntu ditu Arratia Bk eta 15. postuan dago, jatsiera postuetatik kanpo. Datorren partidua Urbietan jokatuko dau Loyola Indautxu taldearen kontra hilaren 25ean, 18:00etan.
Andrazkoen Arratia B taldeak domeka arrastian jokatu eban Lakua Arriaga A taldearen kontra etxetik kanpo eta 4-2 galdu eban. Atsedenaldira 2-0 galtzean heldu ziran, bigarren zatiko 10. minutuan aldea murriztu eban Alaitz Zelestino dimoztarraren golak baina etxekoek 3 eta 1ekoa sartu eben partiduko 72. minutuan. Miren Gordok ostera lau minutu beranduago 3 eta 2koa ipini eban, baina etxekoek 4 eta 2koa sartu eben 80. minutuan. Bost jardunaldiren ostean oindino ez dau partidurik irabazi Igorreko taldeak eta 3 puntugaz 14. dago, jatsiera postuetan. Datorren partidua Urbietan jokatuko dau Intxaurdi taldearen kontra hilaren 24an, 15:45ean.
Andrazkoen Arratia A taldeak atsedena izan dau joandako astegoienean. Datorren partidua hilaren 24an jokatuko dau Real Aviles taldearen kontra etxetik kanpo arrastiko 16:15ean.
Lemoako Harrobi
Lemoako taldeak domeka arrastian jokatu eban Arlonagusian San Pedro taldearen kontra eta 0-1 galdu eban. Lemoako Harrobi atzen hiru partiduak galdu barik etorren bosgarren jardunaldira. Partiduko gol bakarra partiduko luzapenean heldu zan. Sei jardunaldiren ostean 7 puntu ditu Lemoako Harrobik eta bederatzigarren postuan dago sailkapenean. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau Mungia taldearen kontra hilaren 24an, 17:45ean.