Oin dala gizaldi bat baino gehiagotik Zeanuriko eta Ubideko Udalak alkartu egiten dira, urte baten udaletxe baten eta hurrengoan bestean, —hasikeran bide erdian, Barazarko mendatean, biltzean ziran— udalerri bakotxean izena emondako abelburuen zenbakiak aurkeztuteko eta kontuak egiteko. Urtero errepikatzen dan ohiturea eta betebeharra da. Dirudianez, batzar honen zergaitia, bazkalarreen aprobetxamentuaren inguruan udalerri biek gizaldietan —gitxienez XVI. mendetik— izan dabezan ailegoei amaierea emoteko adostutako akordioa da.
12 kilometroko ibilaldia
Larreen mankomunitatearen batzarra aprobetxauz, Zeanuri eta Ubideko udalek, Zeanuriko Joko Alai eta Gorbeia Suzien, eta Ubideko Amexier eta Ubidestroi alkarteek Zeanuritik Ubidera doan zeharkaldia antolatzen dabe, Gasteiz eta Bilbo lotzean ebazan Erdi Aroko kal- tzadea edo errege bidea jarraituaz. Oinezko martxa honegaz hiru helburu nagusi finkatu dabez antolatzaileek: alde batetik, Zeanuriko eta Ubideko Udalek larreen mankomunidadearen inguruan urtero egiten daben batzar historikoa ezetutera emotea eta balioestea; bestetik, zeanuriztarrei, ubideztarrei zein bisitariei udalerri bietako ingurumariak ezetutera emotea; eta atzenik, Zeanuriko eta Ubideko herritarren arteko harremanak sendotzea.
Urtekerea Zeanuriko plazan, udaletxearen aurrean, izango da goizeko 10:00etan. Plazatik abiatuz, Undurragako urtegiaren ertzetik jarraituko dabe Ipiñabururantz zuzentzeko; hemendik Saldropora igo beharko dabe. Jadanik Saldropoko zelaikadan, Lapursasitik Otzarretako pagadi ospetsuaren ondotik igaro eta Ubiderantz jo; atzen txanpa honetan kaltzadearen aztarnak argi eta garbi azaltzen diran tarte batetik ibilteko aukerea izango dabe parte hartzaileek, Ubideko plazara heltzeako.
Zeharkaldia burutzerakoan, hamabiren bat kilometro eroango dabez oinetan ibiltariek, baina ziur ziteari erantzutea mereziko dauala, Ubide eta Zeanuri lotzean ebazan kaltzadea eta bere inguruan azaltzen dan ondare naturala eta historiko-etnografikoa ezetuteaz batera, udagoinean natureak azaltzen dauan koloreen sinfoniaz gozatzeko aukerea izango dabe-ta.
Ibilaldiari amaierea emoteko 13:00etan, Zeanuriko eta Ubideko zinegotziak batzartu egingo dira Ubideko udaletxean, eta gura dauanak 10 bat minutu irauten dauzan batzarrean egoteko aukerea izango dau; bilera horretan alkateek udalerri bakotxean izena emon daben abelburuen zenbakiak aurkeztuko dabez, eta zinegotzi guztiek bilera-agiria sinatu ostean, danak batera bazkal- tzera joango dira. Datorren urtean gauza bera egingo da, baina Zeanuriko udaletxean, eta bazkaria ordaintzea be zeanuriztarrei egokituko jakie.
Merkadu eguna Ubiden
Larreen Mankomunitatearen XIV. Zeharkaldia aprobetxauz, aurten egun bererako antolatu da Ubideko Azokea. 11:00etatik aurrera zabalduko dira postuak herriko plazan -euria bada frontoian- eta artisau zein ekoizleak batuko ditu erosleakaz. Eskulanak, konserbak, gaztaiak, ogi eta gozoak eta beste hainbat produktu egongo dira dastatu eta erosteko prest.
