Gizonezkoen Arratia Ak zapatu arrastian jokatu eban Urbietan Basurto taldearen kontra eta 3-0 irabazi eban. Gol guztiak lehen zatian heldu ziran, lehenengoa partidua hasi eta segiduan sartu eban Jokin Goti zeanuriztarrak, bigarrena be berak egin eban 13. minutuan eta arratiarren hirugarrena Sabin Astondoa zeanuriztarrak sartu eban korner bat buruz errematauz 40. minutuan. Hiru jardunaldiren ostean 3 puntu ditu Arratia Ak eta 12. postuan dago. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau Astrabuduako taldearen kontra hilaren 11n, 11:30ean.
Gizonezkoen Arratia Bk be zapatu arrastian jokatu eban; honeek etxetik kanpo jokatu eben Ugao taldearen kontra eta bana bardindu eben. Arratiarrak aurreratu ziran lehen zatiko 18. minutuan Peio Lariz zeanuriztarraren golari esker baina bigarren zatian etxekoen bardinketea heldu zan. Hiru partiduren ostean puntu bat dauka Arratia Bk eta sailkapeneko atzen postuan dago. Datorren partidua Urbietan jokatuko dau Ermua taldearen kontra hilaren 10ean, 18:30ean.
Andrazkoen Arratia Ak domeka arrastian jokatu eban Madrid CFF B taldearen kontra etxetik kanpo eta 0-1 irabazi eban. Partiduko gol bakarra Nerea Beitia arratiarren kapitainak sartu eban lehen zatiko 41. minutuan. Bigarren zatia hasi eta segiduan ostera Iradi Elorriaga kanporatu eban epaileak eta arratiarrek 10 jokalarigaz jokatu eben ia bigarren zati osoa. “Zelan sufridu dogun! Baina ze ondo garaipenagaitik” adierazo eutsan kapitainak Begituri partidu ostean. Bost jardunaldiren ostean hiru partidu irabazita, 9 puntu ditu Arratia Ak eta bosgarren postuan dago, igoera postuetan. Datorren denporaldira begira berregituraketa bat emongo da Espainiako Federazinoko andrazkoen mailetan eta horregaitik igoten dabe horrenbeste taldek. Datorren partidua Urbietan jokatuko dau Rayo Vallecano taldearen kontra hilaren 11n, eguerdiko 12:30ean.
Andrazkoen Arratia B taldeak zapatu arrastian jokatu eban etxetik kanpo Zarautz taldearen kontra eta 4-1 galdu eban. Arratiarrak aurreratu ziran Alaitz Zelestino dimoztarrak 15. minutuan sartutako golari esker baina etxekoek bardinketea lortu eben 41. minutuan. Bigarren zatiko 58. minutuan penalti bateri esker aurreratu ziran etxekoak eta hirugarren eta laugarren golak 89. eta 90. minutuetan heldu ziran. Hiru jardunaldiren ostean puntu bi ditu Arratia Bk eta 15. dago sailkapenean, jatsiera postuetan. Datorren partidua Bilbao Artizarrak B taldearen kontra jokatuko dau Urbietan, hilaren 10ean, 16:00etan.
Lemoako Harrobi
Zapatu arrastian jokatu eban Lemoako taldeak Arlonagusian eta 2-1 irabazi eban Astrabuduako taldearen kontra. Atsedenaldira husna heldu ziran baina bigarren zatia hasi eta segiduan Jon Casillasek etxekoen lehenengoa sartu eban eta 77. minutuan Xanti Kortak bigarrena; kanpokoek atzen minutuetan sartu eben euren gola. Hiru jardunaldiren ostean 4 puntu ditu Lemoako Harrobik eta 10. postuan dago. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau Gernika Sporting taldearen kontra hilaren 10ean, 18:30ean.