wallball

Lur Ziarrustak urrezko dominea altxau dau Munduko Wallball Txapelketako A mailan

Asier Abrisketa

Lur Ziarrusta (Dima), Mikel Beldarrain (Artea) eta Ibai Erauzkin entrenatzaileak (Lemoa) osotu dabe arratiar delegaritzea New Yorken: "Pozik gagoz, maila oso ona emon dogu munduko onenen kontra arpegia emonda".

Urri lehenengoko erdi partea New Yorken emon dabe Rebotean One Wall Klubeko hainbat pelotarik, euren artean Lur Ziarrusta dimoztarrak, Mikel Beldarrain arteaztarrak eta Ibai Eurauzkin lemoaztarrak, atzen hau entrenatzaile modura. Munduko Wallball Txapelketea jokatu da han, munduan maila handiena dagoan txapelketea da eta jokalari onenak New York-ekoak izanda, bertan egon ziran danak. Ha-ta guzti be, pelotari arratiarrek zeresana emon dabe.

“Oso pozik gagoz, maila oso ona emon dogu munduko onenen kontra arpegia emonda”, inoan Ziarrustak bueltan; izan be, 500 pelotariren artean, urreagaz bueltau da Dimara.

Maila gorenean, Open kategorian, hasi ziran bai Ziarrusta bai Beldarrain banaka. “Maila oso ona emon dogu”, inoan Ziarrustak BEGITUn; izan be, munduko onenen kontra izan ziran kanporatuak, partiduak luzapenera eroanda gainera. Izan be, partiduak 15 tantuko set bitara jokatuten dira eta bardinduz gero, hamaikako beste set bat jokatuten da. Binaka barriz, final-hamaseirenetan izan ziran kanporatuak, maila goreneko bikote baten kontra.

A mailan ostera, banaka, ibilbide luzeagoa izan eben biek. Beldarrain final-laurdenetara ailegau zan baina lehen seta irabazi baeban be, William Wong (AEB) urten zan garaile (15-03, 11-15 eta 06-15). Penea, irabazi ezkero Ziarrustaren kontra jokatu behar izango ebalako finalaurrekoa. Dimoztarra barriz, Central Parken jokatu ziran finaletara ailegau ahal izan zan. Loic Clement (Belgika) izan eban aurrez aurre eta lehen seta belgikarraren alde jausi bazan be, Makaztuikoa “partidu gogorrari” bueltea emoteko gai izan zan (06-15, 15-3 eta 11-05).

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!