Zapatuan jokatu zan Elizondon Euskal Herriko II. Ardi Moztaile Txapelketea eta arratiar bik hartu eben parte bertan, Zeanuriko Mikel Añibarrok senior kategorian eta Dimako Mikel Etxebarriak maila gorenean makinaz. Etxebarria Zeelanda Barrian izan zan martian, Golden Shears munduko ardi-moztaile txapelketako Euskal Herriaren lehen parte-hartzeagaz. Orduan, “Euskal Herria exisiduten dala eta hemen gagozala” erakustea lortu eban selekzinoagaz eta oindoan, Euskal Herria guztiz sartu da lehian.

Izan be, mundu mailako Open txapelketa bateko final baten makinaz jokatuten lehenengo euskalduna izan da dimoztarra, laugarren egin eban: “Oso oso pozik nago emaitzeagaz, laurok oso parekatuta egon ginan eta nire karreran egin dodan garaipen handiena da”.
Ez zan lortutako marka bakarra izan. Joseba Ugaldegaz batera, Euskal Herriko selekzinoa bigarren postuan itxi dau Etxebarriak, aurretik Gales bakarrik egonda. Espainia, Frantzia, Eskozia, Irlanda, Ingalaterra eta Alemaniaren aurretik egon ziran Etxebarria eta Ugalde, biak makinaz. “Giroan ikusten zan euskaldunon arteko babesa; egun handia izan zan, lehiaketetan ibilten gara munduan zehar baina etxean egitea beste gauza bat izan da”, inoan dimoztarrak BEGITUn.
Euskal Herriko Txapelketea
Euskaldunen arteko lehia be egoan jokoan Elizondon eta honetan be, Dimakoak emon eban zeresana. Artaziz zein makinaz jokatu zan txapelketea eta Etxebarria, makinaz, bigarren izan zan. Garaipena Joseba Ugalde lezamarrak eroan eban eta Etxebarriaren atzetik, Ipar Arrinda lekittarra eta Romain Jonquet aiherraztarra.
Euskal Herriko II. Ardi Moztaile Txapelketako emaitzak:
- Euskal Herriko txapelduna artaziz: Josu Ekisoain (Ibiriku), 2. Joseba Ugalde (Lezama), 3. Ipar Arrinda (Lekeitio) eta 4. Xabi Harluxet (Ahaxe).
- Euskal Herriko txapelduna makinaz: Joseba Ugalde (Lezama), 2. Mikel Etxebarria (Dima), 3. Ipar Arrinda (Lekeitio) eta 4. Romain Jonquet (Aiherra).
- Nazioarteko lehian txapelduna: Gales, 2. Euskal Herria, 3. Espainia, 4. Frantzia, 5. Eskozia, 6. Irlanda, 7. Ingalaterra eta 8. Alemania.
- Open kategorian txapelduna artaziz: William Craig (Eskozia), 2. Ipar Arrinda (Euskal Herria), 3. Joseba Ugalde (Euskal Herria) eta 4. Clive Hamer (Gales).
- Open kategorian txapelduna makinaz: Llyr Evans (Gales), 2. Pierre Grancher (Frantzia), 3. Gwydion Davies (Gales) eta 4. Mikel Etxebarria (Euskal Herria).
- Senior kategorian txapelduna: Duncan Adams (Eskozia), 2. Lucie Grancher (Frantzia), 3. Paddy Dunne (Irlanda) eta 4. Mikel Galvez (Euskal Herria).