Andrazkoen Arratia A taldeak domeka arrastian jokatu eban Urbietan Bizkerre taldearen kontrako derbi bizkaitarra eta 2-0 irabazi eban. Bizkerre taldeak izan eban lehenengo zatian jokoaren kontrola, baina Amaia Altzagak ondo presionau eban atzelaria jokaldi baten, baloia ostu, eta arratiarren lehen gola sartu eban 34. minutuan.
Bigarren zatian Arratia hobeto zelairatu zan eta 2-0 ipinteko aukerea izan eban penalti bateri esker, baina Bizkerrekoen atezainak geldiketa ona egin eban. Bigarren zatian zelairatu zan Olaitz Arroyo aurrelari igorreztarrak sartu eban bi eta hutsekoa, Maialen Cocok bandatik egindako jokaldi baten erdiraketea sarera bialduta 74. minutuan.
Partidu amaieran BEGITU Arroyogaz egon zan eta hauxe adierazi eban: “Hasikeratik oso ilusionauta gagoz, gogo handiagaz liga honetan gerrea emoteko. Egia da oso gogorra dala, baina danon artean burrukatuko dogu. Aurreko urtean hainbat jokalari joan jakuzan, baina aurten etorri diranak kalidade handiko jokalariak dira. Kontziente gara oindino gauza asko hobetu behar doguzala, eta badakigu horretarako lan handia egin behar dogula. Atzenengo partidu biak irabazteak konfiantzea, ilusinoa eta indarra emoten deuskuz, baina horrek ez dau gura esan erlajau behar garanik. Oin lanean segidu behar dogu, eta daukagun dana emongo dogu!”.
Hiru jardunaldiren ostean 6 puntu ditu Arratia Ak eta sailkapeneko 6. postuan dago. Datorren partidua be Urbietan jokatuko dau Deportivo de A Coruña B taldearen kontra hilaren 27an, 11:30ean.
Andrazkoen Arratia B taldeak zapatu eguerdian hasi eban denporaldia igon barri dan Euskal Ligan eta bina bardindu eban lehenengo partiduan Urbietan Sestao River taldearen kontra. Atsedenaldira husna heldu ziran baina arratiarrek aukera argi bat huts egin eben. Bigarren zatian areaz kanpotik kanpotarrek egindako jaurtiketa baten jaso eben 0 eta 1ekoa 68. Minutuan, eta 0 eta 2koa atzekaldean egindako huts baten ondorioz heldu zan 3 minutu beranduago. Arratiarrek ostera segiduan erreakzionau eben eta kanpo erditik atera eta segiduan Udane Iturbe aurrelari igorreztarrak aldea murriztu eban etxekoen lehen gola eginaz. Bardinketea Miren Gordok sartu eban 87. minutuan. Datorren partidua Azkoitiko Anaitasuna taldearen kontra jokatuko dau Arratia Bk etxetik kanpo hilaren 27an, goizeko 11:30ean.
Gizonezkoak
Gizonezkoen Arratia A taldeak zapatu arrastian jokatu eban ligako lehen partidua Urbietan Urduliz taldearen kontra eta 0-1 galdu eban. Partiduko gol bakarra seigarren minutuan heldu zan. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau Sondika taldearen kontra hilaren 26an, 18:30ean.
Lemoako Harrobik zapatu arrastian jokatu eban igon barri dan Lehantasunezko mailan lehen partidua Arlonagusian Sondika taldearen kontra eta 0-3 galdu eban. Partiduko 44. minutuan aurreratu ziran kanpokoak penalti bateri esker. Bigarren eta hirugarren golak bigarren zatiko 65. eta 84. minutuetan heldu ziran. Datorren partidua etxetik kanpo jokatuko dau Basurto taldearen kontra hilaren 27an, 11:30ean.
Gizonezkoen Arratia B taldeak domeka eguerdian jokatu eban etxetik kanpo La Merced taldearen kontra eta 3-1 galdu eban. Etxekoak aurreratu ziran 10. minutuan baina arratiarrek bardinketea lortu eben Ibon Agirretxe arteaztarrak 22. minutuan sartutako golari esker. Atsedenaldira heldu orduko ostera etxekoek gol bi segiduan sartu ebezan eta emaitza horregaz amaitu zan partidua. Datorren partidua Urbietan jokatuko dau Amorebieta C taldearen kontra hilaren 27an, 17:15ean.