Arratiako herriek alkarbanatuten daben ezaugarria da uriguneetatik kanpoko auzoetan jente ugari bizi dala eta autobus geraleku batetik kilometro bi baino gehiagora bizi diran ikasleek, taxi bitartez egiten dan zerbitzu berezirako eskubidea daukie. Halanda be, aurten ez da eskubide hau bete, Hezkuntza Sailak taxistentzako lizitazinoen prezioak % 30 bajatu dabezalako eta ibilbideak ez dira esleitu. Holan, 30 ikasletik gora zerbitzu barik gelditu dira eta euren familiak egin behar izan dira kargu.
Diman ibilbide bitan, Zeanurin hirutan eta Artea eta Igorre artekoan faltau dira taxiak. Gainontzeko ibilbideak, pasau dan urteko lizitazinoen luzapenari esker dagoz martxan. BEGITUk jakin ahal izan dauanez, Hezkuntza Sailak barriro opatu deutseez ibilbideak egiteko aukerak taxi gidariei eta honeek eskaintza barriak egin dabez, momentuz erantzunik jaso ez badabe be. Nahia Urrutxua Zeanuriko alkateak, Arratiako garraioaren egoerea salatu dau BEGITUn: “Garraioaren gaia urteroko arazoa da eta desinformazino asko egoten da, kursoa hasi orduko ez dogu ezer jakin, ez udalok ez hezkuntza zentroek”.
Atzen orduan eta klasera berandu
Hilaren 13an, domekea, Arratia BHIk mezu bat bialdu eutseen kaltetuteko familiei gauez, lehen taxi gidari guztiek beteten eben zerbitzua taxi bakarrak eta autobus bik egingo ebela esanez. BEGITUk jakin dauanez, hurrengo egunean, astelehena, gaztetxo batzuk garraioa itxaroten baebizan be, ez taxia ez autobusa ez ziran euren bila pasau eta beste batzuen bila, 09:00etan heldu zan zerbitzua (klaseak 08:15ean hasten dira). Izan be, autobusek egin behar daben ibilbidea sano luzea da. Eskoletako kaltetuek barriz, ez dabe ezelango barririk jaso.
Gurasoak martxan
Arratiako herri desberdinetan landa eremuan bizi diran 3 eta 14 urte bitarteko, Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 35 umeen gurasoak gara. Ikasturte hasikeratik eskola garraio barik gagoz eta arazo ulergatx honen aurrean aurkitu gara gure seme-alabak eskolara hasi behar izan diranean aurretik ezer jakin barik.
Irailak 7an, astelehena, ikastetxera hasi behar ziran ikasleek eta aurreko barikuan ikastetxe desbardinetatik eskola garraiorik ez daukagula izango adierazo jakun. Ez dogu ezelango laguntza ez informazinorik jaso Hezkuntza Sailetik eta bitartean familia bakotxak gorriak eta bi ikusi behar izan ditu seme-alabak ikastetxeetara heldu daitezan. Ikasleak, auzokide, lagun, familiakide, garraio publikoa eta bestelakoak erabiliz joaten dira ikastetxeetara. Legezkoa al da heldu baten laguntza barik garraio publikoan 11 urteko ikasleak joatea? Lagun edo auzokideakaz kotxeetan doazenean istripuren bat gertatuz gero, nor izango da horren erantzulea? Hainbat galdera daukaguz eta ezelango erantzunik ez. Arazo honen aurrean bakarrik eta babesgabe aurkitzen gara.
Hilaren 13an, domekea, gaueko 22:00etatik aurrera, mezu bat heldu jakien familia batzuei SMS bidez, gaurko egunez, Hezkuntza Sailak ikasleen garraiorako autobus bi ipiniko dituala esanez. Autobus horreek gaurko egunez ez dabe ikasle guztien garraioa bermatzen. Hezkuntza Sailak ez deusku autobusen ordutegi ez zehaztasunik emon eta hau ez da zilegi. Zeintzuk izango dira geralekuak? Ze ordutan jasoko dira ikasleak? Autobusak ibilbide horreetan ibilteko arazorik ez daben (bide estuak, toki nahikorik ba al dago autobusak bueltea emoteko...) bermerik ba al dago? HH-ko ikasleek autobusean begirale barik joatea zilegi da? Hori dala-ta gure kexa helarazo gura dogu, eskola garraio duin eta egoki bat eskatzeko.
Gure aldetik bakarka kexak jarri eta ate desbardinak joten hasi garan arren, danok kexa eta gure egonezina modu bateratu batean helarazo gura izan dogu. Arazo honek konponbide azkarra behar dau, egoerea familientzako jasangaitza baita. Eta zelan ez, gureganako errespetua eta enpatiazko jarrerea, zein informazinoa eskatan deutsagu Hezkuntza Sailari. Eskola garraioa eskubide bat da eta hezkuntza Sailak eskubide hori beteten dala ziurtatzeko betebeharra eta erantzunkizuna dauka eta eskubidea bermatzen ez bada, erantzunkizuna berea dala argi daukagu eta ez garraiolariena. Gure eskaerak erantzunik ez badau, bestelako ekintzak aurrera eramateko gure borondatea argia da.