Hilaren 5ean, Vinces-eko (Ekuador) San Lorenzo eleizan Maximo Guisasola Zeanuriko misionaria omendu eben, hau trafiko istripu baten hil zanetik 75 urte pasau dirala gogoratuteko. Ekitaldian On Joseba Segura Bilboko gotzain eta Euskal Eleizbarrutietako Misinoetarako gotzain ordezkariak hartu eban parte, hau be, amaren partetik Zeanurikoa dalarik. Segurak berak gidatu eban Eukaristia eta gero, eleizan bertan, Guisasola hobiratuta dagoan lekuan honen omenezko plakea bistaratu zan.
Maximo Guisasola 1948ko urrietan abiatu zan hegazkinez Madrildik Ekuadorrerantza, misinoko taldearen buru. Zortzi abade ioiazan eta euretatik hiru ziran arratiarrak: Guisasola eta Eusebio Ocerinjauregui Zeanurikoak eta Lemoako Francisco Arraibi. Elias Zuloaga, Victor Garaygordobil, Leandro Zaloña, Gregorio Alonso eta Luis Alberdi be ioiazan misinoan.
Ekuadorreko Los Rios eskualdera joan ziran eta Guisasola Vinces herrian finkatu zan, inguruko ebanjelizazinoa bultzatuteko. Bertan Santa Teresita del Niño Jesus ikastetxea inaugurau eban, Bilboko Eleizbarrutitik azpimarratuten dabenez, “hamarkada askoan ume kaltetuenen aldeko heziketa-bitarteko nagusi izan zana”.
Baina Ekuadorreko misinoan hirugarren urtea bete aurretik, abadeen zortzikoteak ezbehar gogor bat jasan eban Maximo Guisasola, taldeko arduraduna, istripuan hil zanean. Bera joaian autobusak topo egin eban gasolinaz beteta eroian zisternadun kamioi bategaz eta bertan kiskalduta hil zan. 1951ko irailaren 1a izan zan. Zorigaitzari aurre eginez, euren betebeharrei erantzunez jarraitu eben gainontzeko abadeek, eta Maximoren lekukoa Victor Garaygordobilek hartu eban.