Arratia Konpainia 1936ko garagarrilaren 18ko altzaldi militarra gertatu eta egun gitxitara sortu zan, bertoko boluntario gazteakaz. Arteako seminarioan instruimentu labur baten ostean, frontera bialdu ebezan eta 1936ko urri bigarrenaren 4an reketeek Elgetako Intxorta media erasotu eta Gaztelumendi hartu ebenean, arratiarrak izan ziran bertaratuten lehenengoak. Arratiar baserritarren lehenengo erasoaldia izan zan ha, baina lortu eben posizinoa barriro bereganatutea.
Hildako bat, Juan Lejarreta Iturbe arteaztarra, eta hamazortzi zauritu izan ebazan erasoaldi haretan Arratia Konpainiak. Halanda be, garaipen historikoa eta garrantzia handikoa izan zan euskal frontearen egonkortzerako. Izan be, zazpi hilez erasoaldiak gelditutea lortu eben arratiarrek, besteak bestea, lehenengo Eusko Jaurlaritzea sortzea ahalbidetuta, Arratiako heroi hareen lorpenak, Eusko Gudariak ereserkian be batu ziralarik.
Arratiarrei omenaldia
Ibilbidea eleizatik hasiko da eta bertan Arratia Konpainiako gudariak formau, armak hartu eta bataila gunerantza abiatuko dira. Salbador ermitan, Irrintzi Batailoia batuko da burrukaldira batzera eta aurrera egin ahala, kamilero eta erizainakaz egingo dau topo taldeak eta geroago artilleriaren eraso bat simulauko da. Intxorta-txiki eta Gaztelumendi artean egingo da erasoaldi eta batailearen errepresentazinoa eta hau amaituta, karlisten banderea bajatu eta ikurriñea altxauko da. Jarraian, belgikar boluntarioek ipini eben ametrailadora posizinora helduko da taldea. Bertatik, lubakietara eta gero herrira bajatuko dira barriz hurreratutakoak. Bide osoan zehar azalpenak emongo dira eta gitxi gorabehera, hiru ordutan amaituko da jarduerea.
Errepresentazinoetan parte hartu gura izan ezkero, hilaren 11ra arte emon daiteke izena 670 406 564 telefonoan.