FUTBOLA

Arratiak galdu egin dau ligako estreinaldian

Erredakzinoa

Andrazkoen Arratia Ak galdu egin eban Bigarren Federazinoko lehenengo partidua. Igorreko taldeak A Coruñako Victoria CF hartu eban hilaren 6an Urbietan eta Galiziako taldea 1-4 nagusitu zan.

Arratia Ak Bigarren Federazinoko ligea hasi dau, eta lehenengo partiduko emaitzeak ez dau arratiarrek zelaian erakutsitakoa behar beste islatzen. Lehenengo zatian, atzekaldean hainbat duda erakutsi ebezan etxekoek, eta 0-2koagaz heldu ziran atsedenaldira. Bigarren zatian, ostera, Arratiak partidua bere menpe hartu eban, eta 60. minutuan heldu zan 1-2koa, bigarren zatian zelairatu zan Itsaso Kumik sartutako golari esker. Hortik aurrera, etxekoek hainbat aukera izan ebezan eta aurkarien arean jokatu eben gehienbat. Halanda be, ezin izan eben bardinketearen gola sartu. Partiduaren luzapenean, arratiarrak bardinketearen bila ebizanean, aurkariek hirugarren gola sartu eben, eta laugarrena hurrengo jokaldian heldu zan. Ligako lehenengo porrotaren ostean, Arratia Ak Burgosen jokatuko dau bigarren jardunaldia, datorren domekan, hilaren 13an, goizeko 11:30ean.
 
Euskal Herria Kopa aurreko egunean
Arratiarrek Euskal Herria Kopako C mailako finala jokatu eben zapatuan. Arratia Bko hainbat jokalarigaz osotutako taldeak bana bardindu eban Mulierren kontra. Lehenengo zatian, Arratia nagusi izan zan eta aurretik ipini zan Sara Schramm alemaniarrak sartutako golari esker; Mulierrek, barriz, bigarren zatian bardindu eban partidua. Penalti jaurtiketetan 4-2 irabazita, Arratiak Euskal Herria Kopako C mailako titulua eskuratu eban.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!