Arratia Konpainia 1936ko garagarrilaren 18ko altzaldi militarra gertatu eta egun gitxitara sortu zan, bertoko boluntario gazteakaz. Arteako seminarioan instruimentu labur baten ostean, frontera bialdu ebezan eta 1936ko urri bigarrenaren 4an reketeek Elgetako Intxorta media erasotu eta Gaztelumendi hartu ebenenean, arratiarrak izan ziran bertaratuten lehenengoak. Arratiar baserritarren lehenengo erasoaldia izan zan ha, baina lortu eben posizinoa barriro bereganatutea.
Hildako bat, Juan Lejarreta Iturbe arteaztarra, eta hamazortzi zauritu izan ebazan erasoaldi haretan Arratia Konpainiak. Halanda be, garaipen historikoa eta garrantzia handikoa izan zan euskal frontearen egonkortzerako. Izan be, zazpi hilez erasoaldiak gelditutea lortu eben arratiarrek, besteak bestea, lehenengo Eusko Jaurlaritzea sortzea ahalbidetuta, Arratiako heroi hareen lorpenak, Eusko Gudariak ereserkian be batu ziralarik.
Arratiarrei omenaldia
Batailearen 90. urteurrena gogoratuteko, Elgetako Memoria Historikoaren Euskal Interpretazino zentroak Arratiako heroiak omenduteko jardunaldia antolatu dau urri bigarrenaren 4rako. Elgetatik Intxortako posizinoetara bidean, hainbat errepresentazino egingo dira (Karlisten etorrerea, arratiarren erasoaldia, erizainen lana, ametrailadora posizinoak...). Errepresentazino horreetan parte hartu zein omenaldia ikustera joateko Arratiako jentea animau gura dau Interpretazino Zentroak. Errepresentazinoetan parte hartu gura izan ezkero, hilaren 11ra arte emon daiteke izena 670 406 564 telefonoan.
