FUTBOLA

Arratiak 2-0 irabazi eban Euskal Kopako bigarren partidua

Erredakzinoa 2026ko abuztuaren 24a

Argazkia: Jokin Gurtubai / @gurtu.visuals

Arratiako andrazkoen lehenengo taldeak 2-0 irabazi eban joandako zapatuan Artizarrak taldearen kontra Urbietan jokatutako XVI. Euskal Herria Kopako C1 moltsoko bigarren partidua. Garaipenari esker, arratiarrek finalerako sailkatzeko aukerak bizirik manteniduten dabez, baina hilaren 29ra arte itxaron beharko dabe moltsoko lehenengo postua nork lortuko dauan jakiteko.

Arratiak lau puntu batu ditu jokatutako partidu bietan: lehenengo jardunaldian bina bardindu eban Alaves Bren kontra, eta bigarrenean 2-0 irabazi eutsan Artizarrak taldeari, bigarren zatiaren hasikeran Irati Artaraz bediaztarrak eta Olaitz Arroyo igorreztarrak sartutako golei esker. Alaves Bk eta Artizarrakek abuztuaren 29an jokatuko dabe euren arteko partidua, eta neurketa horren emaitzak ebatziko dau C1 moltsoko lehenengo sailkatua. Txapeldunak C2 moltsoko irabazlearen kontra jokatuko dau finala.

Bestalde, Arratiak denporaldiaurreko prestaketeagaz segiduten dau. Abuztuaren 19an Athletic Cren kontra Urbietan jokatutako lagunartekoa 1-2 galdu eban Igorreko taldeak. Ligea hasi aurretik, taldea maila barrirako prestakuntzea fintzen dabil, eta abuztuaren 29an triangelukoa jokatuko dau Hernani eta Elorrio taldeen kontra, Laudioko Ellakuri futbol-zelaian egingo dan San Roke Andrazkoen VI. Torneoan. 16:30ean, Hernani eta Elorrioren arteko partidua jokatuko da; 17:30ean, Hernani eta Arratia Aren artekoa; eta 18:30ean, Arratia A eta Elorrioren artekoa. Domekan, barriz, hilak 30, kategoria berean dagoan Bizkerre taldearen kontra jokatuko dau Urbietan, 18:30ean.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!