Gizonezkoen Arratia A taldeak abuztuaren 12an egin eban denporaldiaurreko lehenengo entrenamentua. Klubak sare sozialetan adierazo dauanez, taldeak “denporaldi barri bat, erronka barriak, baina alkarregaz hazten jarraituteko ilusino bardinagaz” hasi dau prestaketea.
Arratia Ak igazko jokalari askori eutsi deutso eta gazte mailan jokatutako hainbat futbolarik be lehenengo taldera egin dabe saltua.
Sei hitzordu
Arratia Ak sei hitzordu izango ditu denporaldiaurrean. Lehenengoa abuztuaren 22an izango da, Urbietan jokatuko dan XXXVIII. Igorreko Sarian. Arratiarrek Erandio eta Eibar C taldeak izango dabez aurkari, hiruko txapelketan.
Abuztuaren 29an Uritarra hartuko dabe Urbietan; urri lehenengoaren 2an, barriz, Lemoako Harrobiren kontra jokatuko dabe Arlonagusian. Ondoren, urri lehenengoaren 5ean Begoña izango dabe aurkari Urbietan eta, urri lehenengoaren 9an, Amorebieta B Txolonen. Denporaldiaurreko atzenengo partidua urri lehenengoaren 11n jokatuko dabe Bermeoren kontra, Itxas Ganen.
Beste taldeak hilaren 17an
Gizonezkoen beste taldeei jagokienez, Lehentasunezko Mailara igon dan Lemoako Harrobik gaur, hilak 17, hasiko ditu entrenamentuak, Arratia Bk lez.
Andrazkoen Arratia B taldeak be gaur ekingo deutso prestaketeari. Arratiarrek Euskal Ligan jokatuko dabe denporaldi barrian. Igoera-promozinoan bigarren sailkatu ostean hasikera baten mailaz igoteko ateetan geratu baziran be, 3. RFEFko laugarren moltsoan parte-hartzaileen kopurua handitzeak Euskal Ligan plaza bi sortu ditu, eta horreetako bat Arratia Bk beteko dau.