Arratiak abuztuaren 15-16ko astegoienean jokatuko dau lehenengo partidua, Alaves Bren kontra Urbietan. Bigarren neurketan Artizarrak izango dau aurkari, abuztuaren 22-23ko astegoienean. Moltsoko beste partidua Artizarrak eta Alaves Bk jokatuko dabe abuztuaren 29-30eko astegoienean.
C mailako txapelketan sei talde egongo dira, hiruko multzo bitan banatuta. Beste multzoan Añorga, Oiartzun eta Mulier lehiatuko dira. Moltso bakotxeko lehenengo sailkatuek finala jokatuko dabe.
Arratiak, 2026-2027 denporaldian 2. RFEFn jokatuko dauan taldeak, maila barrirako prestakuntzearen barruan egingo deutso aurre txapelketeari.
Lehen partiduak zapatuan
Prestakuntza horretan, garagarrilaren 29an hasi eban aurredenporaldia Igorreko taldeak, Arratiak zapatu honetan, hilak 8, triangelukatua jokatuko dau Eibar taldearen Areitio Kirol Hiri barrian (Mallabia) Eibar B eta Osasuna B taldeen kontra.
11:00etan, Eibar B-Osasuna B.
12:00etan, Eibar B-Arratia A.
13:00etan, Arratia A-Osasuna B.
Ligako lehen partidua Urbietan
Atzo, abuztuak 6, 2. RFEF-eko egutegia zehaztu zan eta Arratia lehen moltsoan dago. Lehen partidua urri lehenengoaren lehen astegoienean jokatuko dau Urbietan A Coruñako Victoria CF taldearen kontra. 14 talde honeek osotzen dabe lehen taldea: Arratia A, Bizkerre A, Burgos, Osasuna B, Rayo Vallecano, Madrid CFF B, Celta de Vigo, Deportivo de A Coruña B, Avilés Industrial, Real Oviedo, Racing Club de Santander, Sporting de Gijón, Eibar B eta Victoria.