Bizkaiko Futbol Federakundeak andrazkoen futbolaren aitzindariak omendu zituan hilaren 2an Bilboko Carlton hotelean egindako Omenaldi Galan. Berrehun andra baino gehiago batu ziran ekitaldian, guztiak be Bizkaian andrazkoen futbola martxan ipinten lehenengo pausuak emon ebezan jokalariak. Hasikeran lagunarteko partiduak jokatu ebezan, eta handik gitxira liga federauetan hasi ziran lehian. Omenaldiaren bitartez, andrazkoen futbolaren alde egindako ekarpena eta belaunaldi hareen ausardia aitortu gura izan zituan federazinoak.
Ekitaldian ordezkaritza instituzional zabala izan zan. Bertan izan ziran Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputadua eta Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Kirol zinegotzia, besteak beste. Andrazkoen futbola lehenengo urte hareetan bultzatu eben herrietako alkate eta zinegotziak be bertaratu ziran; tartean, Ekain Goti Zeberioko alkatea.
Arratiako andrazkoen futbol taldeko eta Zeberioko Ekintza tadeko jokalari ohiak be omendu ebezan ekitaldian, Bizkaiko andrazkoen futbolaren hastapenetan egindako lana aitortuaz. Berrehun andra baino gehiago batu ziran omenaldian, eta askok urte askoren ostean barriro alkartzeko aukerea izan eben.
Ekitaldian berbea hartu eben agintariek aitzindarien lana eskertu eben. Ibone Bengoetxeak andra hareek egindako bidea nabarmendu eban, eta Leixuri Arrizabalagak erakunde publiko guztiak animau zituan futbol instalazinoak hobetzearen alde lanean jarraitzera, gero eta neska gehiagok futbolean jokatzen dabelako. Era berean, Bizkaiko Futbol Federakundeari eskerrak emon eutsazan andrazkoen futbolaren aitzindariei, "merezidutako eta beharrezko aintzatespena" egiteagaitik.
Omenaldian parte hartu eben Arratia taldeko jokalariak: Pilar Arandia, Kontxi Bilbao, Maria Asun Lejarreta, Piedad Abasolo, Pepi Rodriguez, Begoña Arandia eta Carmen Agirre. Arratia taldeko zuzendaritzaren izenean Naia Bilbao presidentea eta Naiara Petralanda zuzendaritzako kidea izan ziran. Sondika taldeko jokalaria izan zan Kontxa Lanchares billaroztarra be izan zan ekitaldian.
Zeberioko Ekintza taldeko jokalariak be egon ziran: Ana Mari Artiñano, Maria Teresa Idirin, Aintzane Ipiña, Iluminada Aierdi, Maria Jesus Ipiña, Pilar Zabala eta Karmele Perez.
C.D. Arratia Soberano
Arratiako andrazkoen futbolaren aitzindaria C.D. Arratia Soberano taldea izan zan. 1969. urtean sortu zan, Espainiako Federazinoak andrazkoen futbola ofizialki onartu baino hamar urte lehenago. Taldeak Bizkaiko Kopa irabazi eban eta, Pili Arandia atezainak 2011n BEGITUri adierazotakoaren arabera, partidu bakarra galdu eban.