Lehen Arratiako Sare Antiarrazistea zana, Eskubideak Danontzat Plataformea bilakatu da. Atzenaldian, batez be Lemoako Agarre auzoko gatazka eta tensino momentuen bueltan, pil-pilean egon da taldearen jarduna eta euretaz zein euren burruka-ildoetaz gehiago jakiteko, Urko Iurrebaso, Laura Ruiz eta Ihintza Angoitiagaz batu da BEGITU.
Azaldu dabenez, etorkin arrazializauek harrera duinago bat izan dagien akonpainamentua egin, eta arrazakeria eta segurtasun faltea lotzean dituan diskursoari aurre egitea dira euren helburu nagusiak. Hain zuzen be, diskurso horreri aurre egiteko antolatu dabe berbaldi zikloa hilaren 19 eta 20rako. Barikuan gaira alde teoriko batetik hurbilduteko berbaldia egingo da eta zapatuan, kolektibo zein persona arrazializatuen esperientziak entzuteko aukerea egongo da.
Bagilak 19, barikua
- 18:00etan, Arrazakeria eta pribilegio zuria: Isabel Hernando (Mujeres Tejiendo Red) eta Marie Lucia Monshenake (FAMEK).
Bagilak 20, zapatua
- 11:00etan, Elkarbizitza gatazka eta gorroto diskurtsoen aurkako erantzun kolektiboak: Gasteiz Anitza eta Eskubideak Danontzat Plataformea.
- 12:00etan, Lemoako auzotarren esperientzia eta bizipenak: Agarreko auzotarrak eta Eskubideak Danontzat Plataformea.
ALKARRIZKETEA
Ze gertaerek eragin eben sarea egituratuteko beharra? Zer lortu gura zan?
Garai horretan hainbat eraso arrazista emon ziran, bai Lemoan bai Igorren. Herritar talde bat hasi zan antolatuten Lemoan, margoketak agertu ziran, persona migratuak bizi ziran espazio batenganako eraso bat Igorreko gazte batzun partez… Mezu batzuk zabaldu ziran, mezu ideologikoki oso eskoi muturrekoak eta xenofoboak. Horren aurrean, herri mobimentua Lemoara deitua izan zan, pentsetan gendualako herri mobimentuak horreri erantzun behar eutsala, Arratian eskoieko oldarraldi bateri aurre egiteko.
Igorreko eta Lemoako udalak be seinalau zenduezan euren jarrereagaitik, gertaeren aurrean ze erantzun desbardin emon gura zenduen manifestazinoagaz?
Guk salatuten genduan jarrera hori, Arratian ez zala onargarria. Eskoieko diskursoari aurre egin gura geuntsan baina era berean, instituzinoei posizionetako eskatuten geuntseen. Gertakari horreen aurrean instituzinoek hartutako posizinoa, gure ustez, izan zan gauzak gertatutea inolako erantzun barik. Beste batetik, segurtasunaren inguruko diskurtsoaren gorakadea emon zan. Lemoan adibidez leku oso konkretuetan kamarak ipini ziran, garai haretan poliziaren presentzia itzela izan zan eta kontrol arrazistak egiten ebezan. Estazinora joaten ziran eta persona arrazializau guztiak paretan ebezan, identifiketako eta… Hori izan zan instituzinoen erantzuna eta fokua segurtasunean ipinita, indartu egin eben eskoiaren idea hori: kanpotik datozan personak ostuten datozela eta gure herriak seguruak ez dirala. Egin behar zana kontrakoa zan, alkarbizitzearen aldeko lana.
"Poliziaren presentzia itzela izan zan eta kontrol arrazistak egiten ebezan"
Martxoko manifestazinoagaz lortu zan fokua hortik ateratea? Ze idea indartu gura zan?
Ba segurtasunaren mezu horrek ostenduten dauala pobreen kontrako burruka baten sartuta dagozala instituzinoak eta alderdi politiko konkretu batzuk. Ez da hainbeste segurtasun faltea, segurtasun arazoak beti egon dira. Guk ez dinogu ez dagoala arazorik, lapurretarik… Bai badagoz. Baina ezin da fokua ipini kanpotik datozanek lapurtuten dabenarengan, segurtasuna eta inmigrazinoa lotzean diran momentuan intentzino bategaz egiten da. Intentzino hori da pobreen kontrako jarrera bat eta jarrera arrazistak sustatutea, hain zuzen be, eskoiak segurtasun faltea arrazializau egiten dau. Guretzako ezin da fokua hor ipini; fokua beste leku batzutan dago. Zergaitik pobreziaren gorakada hau? Zergaitik dauka pobreziak migratu eta andra arpegia? Zergaitik ukatuten dira behin eta barriz persona guztiok daukaguzan eskubideak?
Adibidez, errolda eskubidea, etxebizitza eta baliabide minimoetarako eskubidea… Horreek urratu eta urratu egiten dira eta Lemoako Udala, ziur gagoz errolda eskubidea ukatuten ibili dala. Hor ipini behar da fokua. Horreek dira eskubideak eta horreek bermatuta egon behar dira. Fokua hor ipini behar da gure ustez: persona guztientzako bizitza balditza duinak. Segurtasun arazoak dagozala? Ba bai… baina ezin dira idea biak lotu; hori eskoiaren estrategia bat da eta herritarrengan barneratuten ebilela konturatu ginan, horregaitik urten ginan kalera Igorren.
Erantzuna egon zan. Modu batera edo bestera aldatu zan fokua ze lortu zan mobilizazino jentetsua egitea. Gure helburua beste diskurso batzuk be kalean egotea zan, ze eukiten genduan sentsazinoa zan diskurso bakarra hori zala -segurtasuna migrazinoagaz lotu eta idea arrazistak indartzea- eta jenteak ez eukala beste heldulekurik. Eta uste dogu helburu txiki hori lortu zala.
Errolda eskubideagaitik asko burrukatu da, zergaitik da hain garrantzitsua?
Errolda barik ez daukazu ezer, errolda barik ez zara. Ez zagoz sistemearen barruan eta sistema barruan ez egotea da ez eukitea oinarrizko bizi baldintzetarako material minimoetarako inongo laguntzarik. Ezin dozuz hartu Caritas edo Gurutze Gorriaren laguntzak, ez daukazu Osakidetzan pazienteko eskubiderik, hezkuntzarako eskubiderik… Oinarrizko beharrizanak ezin dozuz asetu erroldarik ez badaukazu. Sistematik kanpo geratuten zara, horrek suposatuten dauan guztiagaz. Gainera, erroldak bermatuten dau hiru urtean erroldatuta egon ezkero, egoerea erregularizetea erraztutea.
"Argia ebagi zan hotz handia egiten eban egunetan eta bertoko jenteak laguntzea eskatu euskuen"
Hasikerako manifestazino horren ostean, ze lan-dinamika hartu zinuen sare modura?
Herri eragileen sare bat zan. Orduan, manifestazinorako indarrak batu ziran baina gero, herri eragile bakotxa bere lanetara bueltau zan. Gatx egin jakun definidutea zelan jarraituko eban lan horrek, horregaitik sortu zan talde motore bat. Hor parte hartzean genduan personok segidu genduan pentsetan zeintzuk izango ziran hurrengo pausuak. Adibidez, ba Lemoako Udala erroldea ukatuten ibili zanez, erroldak eskuratuteko prozesu baten sartu ginan. Agarren bizi ziran hainbatek ez eukien erroldarik eta ibili ginan Udalagaz negozietan eta eskaerak sartzeak, errolda horreek bermatuteko. Bai eta eskubide hori bermatuten ez zala salatuten. Holan jarraitu ginun, apur bat apalago, Agarreko dana pasau zanera arte. Hau abenduan izan zan, argia ebagi zan hotz handia egiten eban egunetan eta bertoko jenteak laguntzea eskatu euskuen.
Atzenean Agarre hutsitu zan, baina batzuk geratu ziran. Zelan dago egoerea gaur egun?
Ba batetik dagoz handik urten ziran personak eta bestetik Agarren dagozanak. Agarren jenteak biziten segiduten dau, ez bakarrik handik mobidu ez ziranak. Auzoa hutsitu zanean, etxebizitzak argi barik eta batzuk ur barik, ez ziran hutsik gelditu eta akabo. Jentea heltzean segidu zan. Zergaitik? Ba jenteak non bizi behar daualako, kale egoerea da. Lehen Agarre prekarioa bazan -okupazinoa, etxe zaharrak…- oin prekarioagoa da. Argi barik, ur barik eta etxe batzuk guztiz errementauta dagoz.
Halanda be, jentea hara doa bizitera, ez daukielako nora joan. Orduan, prekarioagoa zan egoerea Udalak gehiago prekarizau dauala baloretan dogu guk. Hori da gaurko Agarreko egoerea, gero-ta latzagoa eta bazterrekoagoa. Ez dogu inolako esku-hartzerik ikusten, esku-hartze egokirik ez gitxienez. Udaletik badagoz mobimentuak etxeak hutsitu aldera, baina ez euren bizitzea hobetze aldera. Eta ez daukie hori hutsituteko eskumenik, ez daukie etxeak hutsituteko epai judizialik.
Eta joan ziranak?
Urten ziran familia eta persona batzuk hasi dira euren bizitzak egiten pisuetan, aterpeetatik urten dira batez be gazteak. Beste batzueri lau hileko eperako emon jakien etxebizitzea, baina epe hori amaitzear dago. Batzueri eskeini jakiez gauza batzuk baina besteei ondino ezebez. Ez dakigu zer gertatuko dan. Ez dinogu Lemoako Udalak baliabideak ipiniko ez dauzanik, ez dakigulako. Gu saiatu gara Udalagaz egoerearen jakitun egoten eta prozesuan akonpainamentua egiten. Baina ez daukagu informazinorik. Badakiguna da persona horreek oso urduri dagozala, ez dakie euren bizitzeagaz zer pasauko dan eta hori oso gogorra da.
Saiatu dira behin eta barriz alkilerrean etxebizitzak topetan, lau hile honeetan egon dira eten barik topetan eta ez daurie aurkituten. Alde batetik, oso gatxa da edozeinentzako etxebizitzea topetea; eta persona arrazializaua bazara… ba gehiago. Hori errealidade bat da. Oso egoera zaurgarrian dagoz nahiz eta oin etxebizitza baten egon, bihar ez dakielako eurekaz zer pasauko dan. Barriro dinogu, ez dakigu urtenbiderik topauko deutsienik, baina eurak be ez dakie. Holantxik ezin lei bizi, ezin da bizi proiekturik eregi.
Egoera oso latzak dira eta gu sare bat gara, ez daukagu etxebizitzarik ez baliabiderik, guk akonpainamentuan lagundu ahal doguz eta euren egoerearen barri emoten. Baina ezin dogu arazo hau soluzionau. Arazo hau sistemikoa da, hau da, ez da persona horreena, sistemearena da. Honeek ezetuten doguz eta badakigu zelan dagozan, baina zenbat persona bizi dira kalean edo egoera antzekoetan? Ba pilo bat Euskal Herrian! Eta horreri, sistemeak emon behar deutso erantzuna. Orduan guk salatuko dogu egoerea, lagunduko doguz personak, Udalera joango gara eurentzako urtenbideak eskatutera baina egia da, gu be oso mugatuta gagozala egin ahal dogun horretan.
Akonpainamentua egitea modu indibidualean, edo kasuan kasuko, oso gatxa da. Ez dago erroldarik eta administrazinoan dagozan babes neurri guztiak ukatu eginten jakiez. Babes neurri horreek barik ez daukazu alokatuteko aukerarik ez, ez bakarrik arrazializauta egoteak dakarrenagaitik… Ez daukazu aukerarik eta okupetera derrigortuta zagoz. Gero hori kriminalizetan da eta tensionamentu egoera larriak ekarten dauz; gorroto diskursoak eta abar. Gure asmoa da, ahal dala diskurso politiko bat eregitea eta ahal dala, erakunde publikoek euren betebeharrak betetan ez badauz salatutea eta ahal dan neurrian betearazotea.
"Tensinoa hasten da persona horreek bazterretan ixten diran momentuan"
Orduan, zirkulu horretatik urteteko harrera duin baten aldeko apostua egiten dozue. Zelan egin ahal da harrera duinago bat?
Arratian badagoz harrera duinaren inguruko hamaika esperientzia. Arteako Herriko Bentak hamar urte bete barri daukaz eta hainbat harrera sare dagoz, bai Zeanurin, Diman, Lemoan… Baina egia da hau beti datorrela herri mobimentuetatik. Baina arazoa estrukturala da eta erantzunkizuna instituzinoena da. Hor bebai ipini gura dogu fokua, harrerea duina eta estrukturala izan behar da.
Harrera duina da adibidez errolda eskubidea bermatzea. Etxebizitza arazo larri bat dago eta erantzun instituzional bat emon behar jako, baina baita pobreziari be. Hori euren ardurea da eta herri mobimentutik jarraituko dogu daukaguzan esperientziakaz harrerea egiten, baina gakoa gure ustez hor dago. Udalek erabili beharko ebezan daukaguzan esperientziak: esperientzietatik ikasi eta bizikidetzea sustatzeko tresna eta espazioak eregi. Ze harrera duina egon dan herrietan ez da tensionamenturik emon, zergaitik Lemoan bai? Ez da kasualidadea. Tensinoa hasten da persona horreek bazterretan ixten diran momentuan.
Zergaitik emon da holango tensino momentua, ze irakurketa egiten dozue?
Hau ez da bakarrik Lemoan edo Arratian pasau be ez, momentu bateko tentsionamentu erpina izan da; egunkariak zabaldutea baino ez dago ikusteko… Arrazakeria beti egon da, Arratian bebai, baina oin kriminalizazinoa oso gogor dago kolektibo konkretu baten kontra. Bakarrik datozan adin txikikoak adibidez zelango harrerea jasoten dabe Euskal Herrian? Zentruetatik kalera, bakarrik, eta gainera kriminalizazino guztia euren kontra. Ez dakit hori dan arazoaren foku bakarra, baina gazte magrebiarren inguruan berba egingo badogu esan behar da zelan pasetan dabizan gazte horreek eta zer gertatuten dan Euskal Herrira datozenean euren bizitza proiektuakaz. Ez da harrotutekoa, sistema honeek eurekaz egiten dauana. Guk ezetuten doguz kasuak eta oso prozesu gogorrak pasetan ditue eta umeak dira. Hori aldatu behar da, harrera duina hortik hasten da
"Ez dago alkarbizitza posiblerik eskubideak bermatuten ez diran heinean"
Gizarte moduan, arratiarrok zer daukagu harrera etxeengandik ikasteko?
Ba begiradea aldatutea. Adibidez Arteako esperientziak adibidez, lagundu dau herrian kontzientzia kolektibo bat herrian eragitea. Batzungan gehiago eta beste batzungan gitxiago, baina danengan emon da aldaketa bat. Atzenean da konturatutea berrikusi egin behar doguzala hainbat eta hainbat jarrera, pentsamentu… Arrazakeria danongan dagoala konturatutea eta hori berrikustea. Eta beste batetik, jakitea ez dagoala alkarbizitza posiblerik eskubideak bermatuten ez diran heinean. Bizikidetzea ez da nik gura dodana egin eta inork ez molestetea, haratago doan gauza bat da, kontu politikoa da.
Askotan egitan da berba “eskuin muturreko marka ideologikoakaz bat egiten daben ideen” gainean, baina zelan egiten jakie aurre?
Hor gureta ipinten dogu fokua, uste dogulako hau ideologia konkretu baten estrategia bat dala. Barneratuteko oso diskurso errazak botaten dabez. Migratzaileak, pobreak… “horreek dakarre gatazkea” eta orduan ez dogu gorantza begiratuten. Ez dogu begiratuten ze egoeratan dagoan gure osasun sistemea eta etxebizitzearen auzia. Ez dira begituten guri benetan eragiten deuskuen gauzak eta fokua ipinten da kanpokoek lana kentzean dabela, ostuten datozala… gezurra! Baina diskurso hori handitu eta indartu egin da, eta estrategia bat dago.
Harretea ipini gura dogu adibidez, tabernan eta hurbileko jenteagaz, holango mezuak erreproduziduten diran bakotxean izan behar gara gai esateko: “Zu kontuz, erreproduziduten zabizan mezu horreek ikasiak dira eta estrategia konkretu batetik datoz”. Hainbeste normalizau dira guk be erantzuteko gaitasun gitxi euki dogula. Normalizetan itxi doguz, barneratu doguzanera arte. Guretzako, egin behar dana da mezu arrazista eta xenofobo horreek identifikau behar doguz eta aurre egin. Esan behar jako inguruko jenteari, “konturatuten zara zer zabizan esaten eta noren mesedetan esaten zabizan?”. Alkartasun eta klase kontzientzia hori itxartu behar dogu barriro, pentsau behar da mesedea nori eta kalte nori egiten zabizan. Ze benetan uste dogu mezu horreek erreproduziduten dabezanetatik asko eta dirala eskoieko ideologia bategaz identifiketan; hori ikusarazo behar dogu, gugandik hasita gure ingurura.
Ze esan ahal da Arratian ez dagoala eskoi muturrik, zikeran antolatuta.
Ez dago baina Lemoan emon ziran eraso fisiko eta personalak migratuen kontra, eta Igorren be bai. Ziur persona horreekaz berba egin ezkero ez dirala kokatuko eskuin muturragaz, ez ideologikoki ez bozkatzen, baina indarra erabiltzen zabiz persona migratu batzuk joteko. Eta oindino ez dira konturatu igual eskuin muturraren erreminta bat izan dirala. Ez dago eskoi mutur antolatu bat, baina jentea antolatuten da persona arrazializatuak erasotuteko. Ba kontuz.
"Behar dira eskubideak, bestela ez da izango alkarbizitza eredu ez Arratia ez Euskal Herria"
Eta antolatuta egon ez arren, diskursoak eskoieratuten doaz. Guk taldean komentetan dogu, horreri aurre egiteko, praktikan gauza bi egongo zirala. Alde batetik irabazita daukaguzan eskubideak defendidutea -hezkuntzea, osasungintza publikoa, pensinoak…-, eta bestetik prekarizazino egoera muturrekoenetan bizi diranak, galtzeako ezer ez dabenak, egiten dabezan burruketan -Agarren adibidez- egon behar garala. Gauza bi horreek bistatik galtzean badoguz ba gero eta eskoirago goaz. Hori feminismoak atzenaldian asko landu dauan gai bat da, prekarizazinoa dala sistema honen dominazino eredua eta horren inguruko hausnarketak.
Uste dozue Arratia alkarbizitza eta kulturartekotasun eredu bat izateko prest egon ahal dala?
Behar dira eskubideak, bestela ez da izango ez Arratia ez Euskal Herria. Persona guztientzako beharrizan eta eskubide bardinak daukaguzala benetan ulertu behar da, bai instituzinoen aldetik bai gure eguneroko harremanetan. Hor sortuko da. Prest gagozan? Momentu honetan ez, baina espero dogu baietz, lortzea.
Hau danau humiltasunetik da, talde honetan argi daukagu danok egin behar doguzan berrikusketak dirala. Ez daitela ulertu hemen batzuk egin dogula ibilbide bat eta beste batzuk ez dabela egin. Guk be egin behar dogu, etenbako berrikusketea dala mahaigaineratu gura dogu.
Arrazakeriak danori zeharkatzen gaitue, zuritasunak, sarea sortu genduanean espero ginun, edo saiatu ginan, arrazializauak be sarearen parte izatea. Eurak dira-ta subjektu zapalduak eta ulertuten genduan eurena zala espazioa. Baina errealidadea da herri mobimentuan persona zurioak hartzean dogula parte hein handi baten eta ez genduan lortu besteek be parte hartzea. Egia da Agarreko personek parte hartu dabela baina biziraute egoera batetik eta sarearen parte aktiboa izatea ez da euren errealidadea. Horregaitik gu ezin gara izan mobimentu antiarrazistaren eragile bat, ez garalako arrazializauak eta gure zuritasunetik gabizalako. Horregaitik, sarea ez da Sare Antiarrazista izango, baizik eta Eskubideak Danontzat Plataformea.