Arratiako eleiza komunidadeak auten be egingo dau errogatibea Urkiolako santutegira, San Antonio osteko zapatuan, hilak 20. Holan, Arratiako parrokietako jentea zein urtero hurbilduten diran asko, oinez, autobusez zein kotxeetan, Urkiolara joango dira 11:00etako meza nagusia entzun eta otoitz egitera. Izan be, errogatibea, premina baten aldeko otoitz kolektiboa da eta aurtengo leloa, “enbor beretik, hosto anitz” da.
Oinez joango diran erromesak, Dimatik goizeko 06:00retan eta Zeanuritik 07:30ean urtengo dira, 11:00etan Urkiolan egoteko. Egingo daben bidea, Dima zein Zeanuritik, lehenengo Makaztui auzora ailegau, bertatik Zumeltzara joan eta handik Urkiolara geldituten diran bost kilometro eta erdiak egitea izango da. Behin Urkiolan, autobus zein kotxeetan joan diranakaz batu eta meza aurretik, prozesinotxoa egingo da. Mezearen ostean barriz, barauskarria eta Eingokoen erromeriatxoa egingo dira Urkiolan bertan.
Autobusen ordutegiak: Bedia 09:00etan, Lemoa 09:10ean, Dima 09:25ean, Igorre 09:30ean, Arantzazu 09:35ean, Artea 09:40an, Areatza 09:45ean eta Zeanuri 09:55ean.