FUTBOLA

Andrazkoen Arratia B Euskal Ligako ateetan geratu da

Erredakzinoa 2026ko ekainaren 15a

Dulantzin jokatutako lehen partiduan 1-6 irabazi ostean, Intxaurdiren kontrako itzuliko neurketan bardinketeak balio eutsan Arratiari, baina donostiarrek 0-2 irabazi eben bigarren partidua Urbietan eta eurek lortu dabe igotea. Halanda be, taldeak denporaldi ona egin dau eta Euskal Ligara igoteko ateetan geratu da.

Arratia Bk hilaren 13ko arrastian jokatu eban, bero itzelagaz, Donostiako Intxaurrondo auzoko Intxaurdi taldearen kontra eta 0-2 galdu eban. Kanpotarren golak lehen zatiko 42. minutuan eta deskontuko 98.enean heldu ziran. Partidu sano burrukatua izan zan eta kanpotarrek bigarren zatian, denpora galerakaz, ez eben itxi jokatuten. Urduri eta euren jokoa egin ezinda jokatu eben Arratiako jokalariek.

BEGITU Iratxe Bernaola kapitainagaz egon zan eta hauxe adierazo eban: “Partidu gogorra izan da, Intxaurdikoak gogotsu etorri dira eta hasikeratik argi itxi dabe partiduaren bila datozela. Guk lasai jokatu gura izan dogu bardinketeak be balio euskun-ta baina atsedenaldira 0-1 heldu gara. Intxaurdikoak aurreratu dira eta nahiz eta bueltea emoteko gogoakaz urten garan bigarren zatian gure aldeko gola ez da heldu. Atzenengo minutuetan pare bat aukera euki doguz bardinketa lortzeako baina baloia ez da sartu. Pare bat minutu falta izan diranean Intxaurdikoak bigarren gola sartu deuskue partidua zarratuteko”.

Jente asko batu zan Urbietan, 350 lagun inguru, eta Donostiatik be autobus bete heldu zan. Arratia Ako jokalari asko be izan ziran ikusleen artean eta etxeko jokalariek babes handia izan eben.

Aurtengoa denporaldi historikoa izan da andrazkoen futbolarentzat, Arratia Ak 2. RFEF maialara igotea lortu dau eta Arratia B Euskal Ligara igoteko ateetan gelditu dalako. Horreek dira klubak azken urteetan egin dauen lanaren eta hazkundearen erakusgarri nagusiak.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!