FUTBOLA

Andrazkoen Arratia Bk Euskal Ligara igoteko lehen pausua emon dau

Erredakzinoa 2026ko ekainaren 8a

Domeka arrastian Dulantzin, nagusitasunez 1 eta 6 irabazi eban Alegria taldearen kontra play-offeko lehen partiduan, holan, Andrazkoen Arratia B taldeak ezin hobeto hasi dau Euskal Ligara igoteko promozinoa.

Emaitza bikain horreri esker, Arratiako taldeak abantaila eskuratu dau eta mailaz igoteko nahikoa izango leuke hurrengo neurketan bardinketea lortzea. Partidua ez zan bape ondo hasi, bigarren minutuan aurreratu ziran etxekoak-ta, Arratiak segiduan lortu eban bardinketea Alegriako jokalari batek bere atean sartutako golari esker. Hortik aurrera Arratia Bk bost gol sartu ebazan jarraian; Alaitz Zelestino, ligako pitxitxi dimoztarrak, 12., 37. eta 40. minutuetan, Uxue Aurtenetxe aurrelariak 1 eta 5ekoa 73. minutuan eta Paule Monrealek seigarrena 75.enean. Partidu amaieran BEGITU Iratxe Bernaola kapitain arteaztarragaz egon zan eta hau adierazo eban: “Guretzako play-offeko lehenengo partidua izan da, eurek aurreko astegoienean jokatu eben Intxaurdiren kontra eta galdu egin eben, eurentzako final bat zan gaurkoa aurrera segidu ahal izateko. Lehenengo gola eurak sartu dabe lehenengo minutuetan baina guk ondo erantzun dogu eta hortik minutu gitxira sartu dogu bardinketako gola. Hortik aurrera tiratuten hasi gara, aukerak sortzean eta hortik beste hiru gol sartu doguz. Alaitz Zelestinok hirurak. Atsedenaldira 1-4 heldu gara eta horrek lasaitasuna emon deusku. Baina beste gol bat behar genduan Intxaurdigaz gol aldea irabazita eukiteko. Bigarren zatian bardin urten gara, golaren bila eta lortu dogu. Beste gol bi sartuta. Paulek sartutako gola, seigarrena, gol ona izateaz aparte, bere lehenengo gola da lesino larria euki eta gero. Hasikeratik amaierara gu izan gara partiduaren jaubeak eta emaitzan ikusi dogu. Beste final bat daukagu zapatuan 15:30ean eta dana emongo dogu helburua lortzeako”.
 
Arratiak, babes handia izan eban harmailetan. Jokalariak eroan ebazan autobusa beteta joan zan Dulantzira, eta horrezaz gainera hainbat zale hurreratu ziran Arabara taldeari animoak emotera. Giro bikaina egon zan neurketa osoan, eta jokalariek zelaian emondako erantzunak poz handia eragin eban jarraitzaileen artean.
 
Oin, Arratia Bk promozinoko hurrengo partidua dau begiz jota. Bigarren partidua Donostiako Intxaurrondo auzoko Intxaurdi taldearen kontra jokatuko dau bagilaren 13an, San Antonio eguna, arrastiko 15:30ean, Urbietako zelaian.
Euskal Ligara igoteko helburua gero eta gertuago dago, eta taldeak zaleen babesa beharko dau hurrengo astegoienean Igorren jokatuko dauan hitzordu garrantzitsu horretan. Arratiako andrazkoen futbolak sasoi historikoa bizi dau, lehen taldeak 2. RFEFera igotea lortu ostean, oin, B taldeak be mailaz igoteko aukera parebakoa dauka.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!