Pasau dan zapatuan, maiatzaren 30ean, Aulestin jokatu zan aurtengo Bizkaiko Eskolarteko Txapelketako finala eta irabazlea, Arteako Iradi Barrenetxea izan zan. Holan, Iradi Barrenetxeak zein finaleko buruz burukora heldu zan Jon Abasolo munitibartarrak bagilaren 13an Arantzan jokatuko dan Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketako finalerako txartela lortu dabe.
Bat-bateko txapelketan jokatu diran lau kanporaketetan 39 bertsolari gaztek hartu dabe parte eta txapelketan zehar puntu gehien pilatu dabezan zortzi bertsolariak egon ziran finalean: Amaiur Betanzos, Eider Fernandez, Helene Yerga, Izaro Pagalday, Jon Abasolo, Maddi Aurtenetxe, Naroa Iturrioz eta Iradi Barrenetxea bera. Zortziko handian eta txikian ofiziotan egin ostean, arteaztarrak eta Abasolok jokatu eben buruz burukoa eta hau irabazita suertau zan garaile Barrenetxea, Xabat Galletebeitia bertsolariak ipini eutsan txapela buruan.
Ez zan eguneko irabazle bakarra izan. Izan be, barikuan, maiatzaren 29an, idatzizko txapelketea be egon zan jokoan eta DBH1eko kategorian, Aiotz Loiola dimoztarra izan zan garailea eta Lemoako Alaitz Lekunberri hirugarrena.