FUTBOLA

Atzen jardunaldia gizonezko taldeentzat

Erredakzinoa 2026ko maiatzaren 25a

Arratia Bk jokoan eukan ez bajatutea eta atzen partidua 5-1 irabazi eban, Lemoako Harrobik, aurreko astean igotea lortuta, ez eban ezer jokoan eta galdu egin eban eta Arratia Ak be galdu egin eban.

Lemoako Harrobik aurreko astean Lehentasunezko mailara igotea lortu eban eta joandako zapatu arrastian Arlonagusian Lekeitio Aren kontra jokatutako partiduan ez eukan ezer jokoan. Etxekoek 3-4 galdu eben. Lemoako Harrobik bigarren postuan amaitu dau 72 puntugaz. Partidu ostean etorri zan lemoaztarren ospakizuna eta nagusien taldeko jokalariek eta kadeteek igoerak ospatu ebezan herrian zehar kamioi baten gainean. “Nagusien taldeko jokalariak (gorriz) eta Kadete A-ko jokalariak (zuriz) -talde biak Lehentasunezko mailara igon dira- kamioi gainera igon ziran (gure babesle dan Erreka Iru-n kamioia) eta Lemoatik kalejirea egin gendun. Harrobi eta herria. Udaletxera arte. Han alkateak harrera egin eutsen eta aurreskua, zuzendaritzako kide dan Julen Bilbaok. Gero balkoira igon ziran ekipo biak eta jentea eskertu eben astegoienero emondako babesagaitik. Ordu bi iraun ebazan jaiak. 21:00etan Arlonagusian hasi eta 23:00etan udaletxean amaituta” adierazo eutsan BEGITUri Alazne Salcedo Lemoako Harrobiren presidenteak.

Arratia
Arratia B taldeak, zapatuan Urbietan Indartsu taldearen kontra jokatutako atzen partiduan jokoan eukan jatsierea, goragoko mailetatik bajatuten diran taldeak baldintzatuten dabelako zenbat talde jaisten diran. Ligako atzen partidua 5-1 irabazita hamazortzi taldetatik hamabosgarren postuan amaitu dau 32 puntu lortuta; atzen biek maila galdu dabe. Arratiako zuendaritza batzordetik BEGITUrik adierazotakoaren arabera maila manteniduten dau B taldeak. Partidu honetan Ohorezko Nazionalera igon daben jubenil mailako jokalari batzuk jokatu eben, euren artean pitxitxia izan dan Oroitz Villena, eta  hiru gol sartu ebazan. Jokalaria Eibar taldeak fitxau dau.
 
Arratia A taldeak zapatu arrastian jokatu eban Atxulaur A taldearen kontra eta 1-0 galdu eban. Arratiak seigarren postuan amaitu dau 51 puntu lortuta. Ligako lehenengo jardunaldi batzuk kenduta, Arratia A 23. jardunaldira arte egon zan igoera postuetan, baina hortik aurrera hirugarren postua galdu eta atzenean seigarren amaitu dau.
 
Andrazkoen Arratia B
Arratia eta Lemoako Harrobiko nagusien talde guztiek amaitu dabe ligea andrazkoen Arratia B taldeak ezik. Honeek datozan asteetan hasiko dira Euskal Ligara igoteko promozinoa jokatuten Arabako Alegria eta Gipuzkoako Intxaurdi taldeen kontra. Oindino zehaztu barik dago noren kontra jokatuko daben lehen partidua, baita eguna eta ordua be.

Bestalde Arratia hasita dago datorren denporaldira begira lanean eta oin arte andrazkoen taldeen koordinatzailea izan dan Jon Gallegok ez dauala klubean segiduko publikau eban sare sozialetan Arratiak. “Bihotzez eskertu gura deutsagu urte guzti honeetan egindako lana, erakutsitako konpromisoa eta dedikazinoa. Suerterik onena etorkizunerako” inoan mezuak. Jon Gonzalez “Peli”, oin arte andrazkoen Arratia Ako entrenetzaile izandakoak, andrazkoen nagusien taldeen koordinazinoa hartuko dauala adierazo eben baita mezu berean.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!