FUTBOLA

Lemoako Harrobik Lehentasunezko mailara igon dau

Erredakzinoa 2026ko maiatzaren 18a

Zapatu arrastian jokatu eban Montefuerte A taldearen kontra etxetik kanpo eta 0-2 irabazi eban. Garaipen horregaz eta ligea amaituteko partidu baten faltan bigarren postuan amaituko dau sailkapenean.

Hiru autobus atera ziran Lemoatik Arrigorriagara Lemoako Harrobik irabazi eta mailaz igoko eban esperantzeagaz, eta holan suertatu zan. Atsedenaldira husna heldu ziran baina bigarren zatiko 64. minutuan Jon Casillasek, lemoaztarren lehen gola sartu eban eta 75. minutuan Casillasek berak 0 eta 2koa sartu eban. Casillas taldeko pitxitxia da 18 golegaz. Ligea amaituteko jardunaldi baten faltan 72 puntu ditu Lemoako Harrobik eta bigarren postuan dago. Atzen partidua hirugarren postuan dagoan Lekeitio A taldearen kontra jokatuko dau Arlonagusian hilaren 23an, 18:15ean.

Partidu amaieran BEGITU Alazne Salcedo Lemoako Harrobiko presidenteagaz egon zan eta hau adierazo eban: "Oso pozik gagoz igoereagaz eta herri oso baten ilusinoagaz. Zuzendaritzea oso harro dago taldeak egin dauan lanagaz, igoerea urte guztian egindako esfortzu eta lankidetzearen emaitza izan da. Datorren zapatuan erregionala eta Kadete Aren igoerak behar dan moduan ospatuko doguz kalejira bategaz eta sarrerea doban izango da. Espero daigun futbol zelaia betetea!".

Lemoako Harrobik denporaldi osoa egin dau goiko postuetan baina 24. jardunaldian bigarren postuan kokatu zanetik, hor mantenidu da. Ligea Usansoloko Umore Ona Ak irabazi dau.
 
Arratia
Gizonezkoen Arratia A eta B taldeek zapatuan jokatu ebezan euren partiduak. Batak zein besteak ez eukien ezer jokoan. Arratia Ak Mungia A taldea hartu eban Urbietan eta garaipen argia lortu eban 3-0 irabazita. Partidu hori izan zan Azibar Sagarna eta Iñigo Markina igorreztarren agurra etxean. Sagarnak etxekoen lehen gola egin eban. Ligea amaituteko partidu baten faltan 51 puntu ditu Arratia Ak eta seigarren postuan dago. Ligako atzen partidua etxetik kanpo jokatuko dau Atxulaur A taldearen kontra hilaren 23an, 17:00etan.

Arratia Bk ostera etxetik kanpo jokatu eban Zaldua A taldearen kontra eta hiruna bardindu eban. Ligea amaituteko partidu baten faltan 29 puntu ditu Igorreko taldeak eta hamabosgarren postuan dago. Atzen partidua Urbietan jokatuko dau Indartsu taldearen kontra hilaren 23an, 18:15ean.

Andrazkoen kasuan jakina dan lez, Arratia Ak 2. RFEF mailara igon dau eta zapatuan ospakizun handia egin eben zaleakaz batera Igorren. Gizonezkoen Arratia A eta Mungia Aren partiduan omenalditxoa egin eutseen talde desbardinetako jokalariek pasilloa eginaz eta gero kamioian Igorretik bueltea emon eben.
 
Andrazkoen Arratia B taldeak Euskal Ligara igoteko promozinoa jokatuko dau hurrengo asteetan.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!