17:15ean jokatuko dan gizonezkoen Arratia Aren eta Mungia Aren arteko partidua hasi orduko 17:00etan omenaldia egingo jako andrazkoen A taldeari. Partidu hasikeran pasilloa egingo deutsie CD Arratiako talde desbardinetako jokalariek. Omenaldi horregaz klubak denporaldi historikoa eskertu gura deutso andrazkoen taldeari.
Partidu amaieran, 19:30ean, jokalariak kamioian urtengo dira Igorretik zehar, igoerea herriagaz batera ospatzeko eta 20:00etan poteoa egingo dabe musikeak lagunduta. Arrastiko ospakizunaren ostean, gauean afaria egingo dabe Zekutzen eta afari ostean juergea.
Igoerea pasau dan domekan lortu eben arratiarrek, Pradejonen jokatutako kanporaketako itzuliko partiduan 2 eta 5 irabazita. Urbietan jokatutako joaneko partiduan 4 eta 0 nagusitu ostean, taldeak lan bikaina biribildu eban Errioxan. Hasikerea gatxa izan zan arren, arratiarrek sendotasuna erakutsi eben barriro eta Olatz Areitio, Amaia Alzaga, Itsaso Kumi, Lucia Pascual eta Naroa Lejarzaren golakaz historiako lorpen handienetako bat eskuratu eben.
Arratiako taldeak urte askotan egindako lanaren saria jaso dau aurten, eta zaleek be gertu-gertutik bizi izan dabe lorpena. Pradejonen bertan 150 zale inguruk lagundu eben taldea, autobus bitan eta autoz joanda, eta zapatuko omenaldia eskerrak emoteko beste modu bat izango da.