FUTBOLA

ANDRAZKOEN ARRATIA Ak 2. RFEF MAILARA IGON DAU

Erredakzinoa 2026ko maiatzaren 11

Arratia Ak igaz jokatutako igoera promozinoan ezin izan eben mailaz igon baina aurtengoan bai, aurten Pradejonen (Errioxa) kontrako partidu biak (4-0 Urbietan) eta 2-5 domekan Pradejonen irabazita mailaz igotea lortu dau.

Partiduari jagokonez Pradejongo taldea hirugarren minutuan aurreratu zan eta 16. minutuan zutoina jo eben etxekoek jokaldi baten. Hortik aurrera arratiarrak nagusi izan ziran eta 28. minutuan bardinketea lortu eben Olatz Areitiok sartutako golari esker. Lau minutu beranduago Amaia Alzagak 1 eta 2koa sartu eban. Bigarren zatiko 25. minutuan Itsaso Kumik arratiarren hirugarrena sartu eban eta zortzi minutu beranduago etxekoek bigarrena sartu eben, baina Arratiak arin erreakzionau eta segiduan sartu eban laugarrena (Lucia Pascual). Arratiakoen bosgarrena 90. minutuan heldu zan (Naroa Lejarza). 

Partidu amaieran BEGITU Nerea Beitia kapitainagaz egon zan eta hauxe adierazo eban: “Hasikeran kostau jaku zelaira egokitzea. Goizetik sartu deuskue gola eta sufridu dogu baina gero guk sartu dogu eta hortik aurrera hobeto sentiduten hasi gara. Tensino handiko partidua izan da baina helburua lortu dogu. Urte osoko lanak merezidu izan dau eta eskerrik asko Arratiatik hurbildu zarien guztiori! Datorren zapatuan ospatuko dogu danok batera!”. 

Arratiatik zale ugari
Autobus bi joan ziran Pradejonera eta hainbat zale euren autoetan be. Jasone Etxebarria bere etxeko balkoian egoan Arratia eta Athletic-eko banderak ipinita eta ez eban galdu gura izan goizeko hamarretako autobusaren urtekerea, orduan urten eban zaleen lehenengo autobusak. Bigarrenak eguerdian urten eban jokalari eta jokalarien senitarteko batzukaz. Eguerdian horiz eta urdinez jantzitako jente ugari ebilen Errioxako herrian. Arratiako zaleek poteoa egin, bazkaldu eta zelaira hurreratu ziran jokalariak heldu orduko harrerea egiteko. 

Partidu hasikerea ez zan ona izan Arratiarentzat eta zale asko urduritu egin ziran, halanda be egoereari bueltea emon eta nagusi izan ziran joaneko partiduan moduan. 

Talde bien arteko zaleen artean be giro ona izan zan nagusi eta Arratiatik joandako 150 zaleak piperra eta gatxa ipini eben. Zuzendaritzako hainbat kide izan ziran, talde desbardinetako jokalariak, Pedro Ormazabal presidentea, Asier Etxezarraga “Txata” presidente izandakoa eta Naia Bilbao garagarrilean kargu hori hartuko dauana, besteak beste. Amaieran emozinoa izan zan nagusi eta andrazkoen taldeari bultzakada handia emon eutsan “Txata” emozionauta eta negarrez ikusi genduan. 

Partidu amaieran jokalariek 3 pankarta atera ebezan datorren urtean egongo ez diran Jon Gonzalez “Peli” entrenatzailea, Olatz Areito eta June Uriarte jokalariak agurtzeko; entrenatzailearenak hauxe inoan: Eskerrik asko Peli! De tu mano hicimos historia. Sin dudas ni preguntas; Areitiori eskainitakoak: Eskerrik asko Olatz! Betirako aztarna eta Uriarteri eskainitakoak: Eskerrik asko Uri! Zelaian eta zelaitik kanpo eredu izan zara.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!