ALKARRIZKETAK

“Saiatuten naz gauza herrikoi eta akademikoak, biak batera eta euren onerako buztartuten”

Asier Abrisketa 2026ko maiatzaren 8a

Arratiako Koruak 75 urte bete ditu eta ospatuteko, diskoa grabau eta kontzertua eskaini eben Areatzan, “eleizea hankaz gora” ipinita. Kontzertu eta diskoaz berba egiteko atxakiagaz, koruaren osasunaz, lehenaz eta geroaz be berba egiteko aukerea izan dogu Garazi Navas zuzendariagaz.

Garazi Navas (Usansolo, 1995) Arratiako Koruko zuzendaria da gaur egun. Aurreko zuzendariak, Ane Legarretak, deitu eban Navas 2017an akordeoia joteko eta hau joanda, Legarretaren lekukoa hartu eban Navasek. Karreraz akordeoilaria izanda, gitxika-gitxika dabil bera be, abeslariakaz batera zuzendaritzea ikasten. Heldu zanetik hainbat bidaia, tartean Vatikanora, eta Santa Ageda eta aldaerak diskoa egin dabez eta bere ustez, hori izango da Arratiako Korua 100. urteurrenera be ailegetako kakoa, mugarriak ipinten jarraitu eta motibazinoa mantenidutea: “Eta aurten, urteurrena ospatuteko Vienara goaz, lau egun, San Keremos!”.

Zer suposatuten dau zuretzako holango ibilbide luzea daukan koru bat gidatzeak?

Ni ez naz txikitatik koruan egon eta orduan, kanpotik etorrita, koruaren historia ezetu behar da. Ez hori bakarrik, korua musikea eta giza-talde bat da eta talde moduan badaukaz bere mania eta errutinak. Orduan egin behar izan nebana izan zan nire lan egiteko modua eurei moldatu. Egia da zuzendaritzea hautazko moduan hartu nebala karreran, nire espezializazinoa akordeoia da, ez zuzendari- tzea. Eurakaz ikasten joan naz, praktikak karrerea amaituta egin dodaz, hipotetikoki. Eurak be badakie, apur bat laboratorioko arratoi moduan erabili dodazala. Uste dot taldea eta ni, batera ikasten joan garala eta gainera, oin inoz baino jente gehiago eta inoz baino hobeto gagozala esango neuke.

Zerk egiten dau Arratiako Korua hain berezi?

Gauza asko dagoz. Alde batetik, askotariko jentea dagoala. Normalean koruetan edade batetik gorako jentea egoten da eta hemen umeenak, Kattalinek bederatzi urte edo, eta Bittorianok 85 urte daukaz. Honeen artean adin eta herri guztietako jentea dago, badago familia hemen euki eta entseguetara Bilbotik datorren jentea… Bittorianoren kasuan adibidez, aitita, aita eta ilobak dagoz koruan, familia guztia. Hori oso berezia da eta ez da inon emoten.

Badago sinistuten dauan jentea eta sinistuten ez dauana. Hori batzea be ez da gauza erraza eta ibilten gara, asanbladan gauzak bozkatuten eta.

Bestetik, jente amateurra dala. Ez dakie partiturarik irakurten, orduan, hori erronka bat da. Ni horretan alfabetizaua naz eta orduan partitura hori irakurten ez dakian jenteari erakutsi behar deutsat… euskeraz jakingo ez baneban be erronka bat izango zan, bardina da musikeagaz. Gero, egia da askok txikitatik, bizitza guztian zehar kantau dabela eta badaukiezala mania batzuk. Batzutan politak dira baina beste batzutan zuzendu egin behar dira eta asko kostetan da holangoak arteztutea. Gauza batzuk aldatu eta beste batzuk mantenidu doguz, hor gabiz beti negoziazinoetan.

Garranzitsua da be bai, pentsamolde desbardinetako jentea dagoala. Santa Ageda jai erlijioso bat da, lehen ez baina oin bai, eta badago sinistuten dauan jentea eta sinistuten ez dauana. Hori batzea be ez da gauza erraza eta ibilten gara, asanbladan gauzak bozkatuten eta.

75 urteko ibilbidean, ze mugarri gogoratuten dira koruan?

Korua 1951n sortu zan, Areatzako Victor Sierrasesumaga eta Arteako Juan Bernaola herri bakotxeko koruan egoten ziran eta betidanik lagunak izanda, koruak batu ebezan. Arrasti partean, farolillo bategaz urteten ziran. Ume batek eroaten eban farolilloa, hori oin ez da egiten eta penea be bada. Horregaitik kontzertuan ipini genduzan farolilloak. Gero, ume eta andrak 1965-67 tartean sartu ziran eta hortik aurrera, egia da gizonen kopurua beheraka eta andrana goraka joan dala. Koru guztietan pasetan da hori. Gu momentuz manteniduten gara gizonakaz ondo baina… Ez dakit zer pasetan dan baina gizonek ja ez dabe kantetan euren bizitzan!

Gu momentuz manteniduten gara gizonakaz ondo baina… Ez dakit zer pasetan dan baina gizonek ja ez dabe kantetan euren bizitzan!

Liburu bat dago, 50. urteurrenean atera zana, argazki pilo bategaz. Hor ikusten da, hasikeran Artea eta Areatza bakarrik ziran eta eroaten eben mobiduteko furgoneta moduko bat. Sasoi horretan badagoz barregarri eta triste artean dabizan irudiak, dibersidade funtzionala eukien personentzako dirua batzean eben eta kartelean ipinten eban: “Coro de Arratia pro subnormales-en alde”. Badagoz argazki batzuk… eskerrak gauzak aldatu diran. Letretan be badagoz: “Arratiako atzeratuen alde…”. Lehenagoko gauzak.

Gero, 1968an lurrikara bat egon zan Sizilian eta dirua bertara bialdu eben, garai horretan ez zan erraza izango. Sasoi horretan eta urte pilo batez, egon zan zuzendari bat be, Aita Juan Jose, Arratian lanean egoan gipuzkoar abade bat. Aita Juan Jose Madrilera desterrau eben, ez dakit zer esango eban, ETAren alde edo auskalo… Egia esan horregaz arazoak izan ebezan, ze Francoren garaian Bilboko alkatea zan Pilar Careaga, frankistea klaro, eta honek ez eutsan Aita Juan Joseri korua Bilbora eroan eta kantetan itxi, eta zuzendariz aldatu behar izan eben edo… Egon ziran arazo politikoak orduan.

Nire garaia kontuan hartuta, 2022an Erromara joan ginan, Vatikanora. Mezea emon zan eta guk mezako zatiak kantau genduzan. Han egon zan Erromako obispoa eta abade pilo bat. Bisita bat egin euskuen eleizatik eta bertako museoa be ikusi gendun… Nik uste dot eurentzako, ez da nire kasua baina batez be sinisdunak diranentzako, oso berezia izan zala. Sinisduna ez bazara be, espazioak asko baldintzatuten deutsu eta espazio itzela da… Efektu berezia egiten dau, arraroa baina positiboa. Hasikeran arraroa da, ze itxoraton deutsue hogei abadek baina gero oso ondo portau ziran. Errespetua emoten dau, nik asko miresten dodaz baina hori ez da nire mundua, nire giroa, eta hankea sartzeako bildurra daukazu… Baina bueno saiatuten gara eta oso ondo pasau gendun! Gero batzuk aireportuan be galdu genduzan… badagoz kriston anekdotak.

Pasau dan urtean Bordelen egon ginan kantetan; ni korura heldu baino arinago eurak Katanian egon ziran. Santa Agedaren jaioterria da, Siziliako herri oso polita. Eta aurten, urteurrena ospatuteko Vienara goaz. Barikutik astelehenera goaz, lau egun, San Keremos! 40 goaz hegazkinean eta meza internazional baten be kantauko dogu.

Eta oin zugaz, beste mugarri bat ipini dala esango zenduan? Ze aldaketa ekarri dozuz?

Bueno hori esateak, lotsea emoten deusta… Nik ahal dodana egiten dot! Niretzako inportanteena da ni eta eurak, danok batera ikasten gabizala urteotan zehar. Esan dodan moduanni ez naz karreraz zuzendaria, eurakaz ikasi dot egiten. Baina egia da nire lana musikea dala. Horretara dediketan naz eta klaseak emoten dodaz, akordeoia, baina bueno bardin-bardin, musikea dala.

Aurretik izan dabezan zuzendari guztiak ez dira izan guztiz profesionalak, euren ikasketa guztiak ez dira musikakoak izan. Nik koruaz aparte egiten dodan guztia musikea da, mota desbardinetakoa. Orduan, nire ibilbidea akademikoa da eta ni saiatuten naz gauza herrikoi eta akademikoak, biak batera eta euren onerako buztartuten. Saiatuten naz, batzutan ez dot lortzean.

Nik uste dot, nire esperientziatik, taldea gehiago bildu dala. Alkarregaz proiektu bat eukiteak dakarrena da hurbiltzea.

Egia da asko “matxaketan” dodazela eta entsegu asko egiten doguzala, ez dakit limitea non egongo dan, baina gero eta gehiago! Atzenean diskorako asko egin dogu. Disko bat grabetea gogorra da, ondo egin behar da eta errepikatu doguz 10.000 gauza… Horretan eurak be ikasi dabe zer dan musikari profesional bat izatea.

 
Ze indargune eta ze erronka daukaz gaur koruak?

Ba egia da ni heldu nazanetik, lehen jente gitxiago egoala eta ointxe gazte eta ume gehiago etorri dirala. Umeen korua egin dogu diskorako, hori lehen ez egoan. Uste dot umeek euren artean berba egin eta gehiago erakarri dabezala. Gero, ba familiako zera hori manteniduten da. Euskal gizartean gitxi kantetan da ja, eta koruan kantetearena ez dala heredetan… bazkarietan eta be ez. Baina koru honetan manteniduten da, eta indargune handia da, ohiturea manteniduten dalako eta saiatuten gara hari hori ez eteten.

Ikusten da gero eta jente gehiago dagoala, igual etorri dala jentea, ez dauana euki korurako hainbesterako tradizinoa, familiatik edo… eta horrek be korua aberasten dau. Motxila desbardinetako jentea etorri da eta hori beti da ona. Badagoz batzuk irakurten dabenak, beste batzuk ez; alkarregaz lagundu egiten dira eta horrek aberastasuna dakar. Nik uste dot, nire esperientziatik, taldea gehiago bildu dala. Alkarregaz proiektu bat eukiteak dakarrena da hurbiltzea. Hor dagoz indarguneak, gero eta gehiago praktiketan dogu eta gero eta profesionalago egiten doguz gauzak; grabazinoa mugarri bat izan da.

Eta erronkak… ba jentea mantenidutea! Horrek kostetan dau, batez be gazteak. Oin urri lehenengoko bidaiagaz beste mugarri bat daukagu, baina mantendu egin behar da. Ez da erraza, apur bat coach moduan ibili behar zara hor, jentea animetan-ta. Batzutan esaten dot, musikea baino gehiago psikologo moduan ibili behar zarela, eta nazinoarteko harremanak, hor tartean harrapetan deutsu. Baina polita da eta gustetan jata. Hor dago erronkea, mugarriak ipinten jarraitu eta motibazinoa denporan zehar mantenidutea.

Aurretik be, disko bat aterateko indartsu egon behar da, zelan sortu zan idea?

Ba oin dala sei urte inguru edo. Kontua da ni heldu nintzanean emon eustiela partitura txosten bat eta batzuk ez eukien ez konpositorerik ez ezer. Partitura zaharrak, ez dakit zenbatetan fotokopiauta. Norenak ziran jakin barik, begiratuten hasi nintzan artxiboatan eta. Topau neban Aita Santa Teresarenak zirala. Aita Santa Teresa Zornotzan bizi zan karmelita bat zan eta abade honek, Arratiako Koruarentzat konposatu ebazan Agate Deunaren harmonizazino desbardinak. Horregaz liburuxka bat egin eban, Agate Deunaren abesti-txorta, 1975ean edo argitaratu zana. Hori existiduten zan baina ez genkien non. Gartzenen laguntzeagaz, pasau dan urtean hil zan, Santutxuko karmelitetara joan ginan eta han, kutxa baten agertu zan partitura sortea.

Holan hasi ginan jakiten gauza bakotxa norena zan, orduan eurek lehenago egiten ebezan Aita Santa Teresaren bi-hiru kanta zuzendu genduzan, partitura originalak ikusita. Baina baegozan be, Agate Deunaren beste hainbat harmonizazino erabilten ez genduzanak. Orduan esan eustien, laster 75 urte egingo zirala eta idea ona izango zala Agate Deuna barriak ikastea eta disko bat prestatzea. Holan hasi ginan apurka-apurka, sei urte lehenago, partitura barriak ikasten eta urte bakotxean barri bat gehitzean.

 Santa Ageda zaharra 1975ean idatzitako partitura bat da. “Hori da Arratiako Koruko betikoa!”, betikoa ez! 1951n ez zan existiduten, gu zaharragoak gara!

Gaiak tradizino asko dauka Arratian, zer barritasun emon deutsazue diskoagaz tradizinoari?

Lehenengo egin doguna da, geunkean guztia bildu. Ze herri musikan gertatuten dana da, gizartearen moduan asko aldatuten dala eta lehen egiten ziran gauzak galdu egiten dirala, barri batzuk asko pentsau barik aldatuten dirala… Ondo dago, ze musikea bizirik dago eta aldatu behar da. Baina diskoaren idea izan zan guk egindako forma guztiak gordetea, eta kopla barriak gehitutea. Ez dira barri-barriak, Aita Santa Teresak bildutakoak eta Amillaitzek bere garaian bildutakoak, koruko familietako orri zaharretan topautako kopla zaharrak. Zaharrak eta ezagutzen ez genduzan batzuk be sartzea zan gauzea.

Kanta bakotxean kopla bat dago, ez da ezer errepikatzen eta pieza bakotxari emon deutsagu testuinguru bat. Adibidez badago bat, bertsolariena, dala Santa Agedaren historia guztia, jaio zanetik hil zanera arte. Beste bat da, tradizino paganotik zelan eskatuten zan dirua edo jakiak, farolillo eta mantillen elementuak… Beste batzuk erlijiosoak dira. Jesusek ura ardotu ebala eta holangoak. Umeentzako letra hartu genduzan graziosoagoak eta holan, gaika zentzu bat emoteko.

Gero adibidez, guk kantetan dogu Santa Ageda zaharra, Santa Teresana. Eurek “zaharra” deitzean deutsie baina ez da zaharra. Santa Ageda zaharra 1975ean idatzitako partitura bat da. “Hori da Arratiako Koruko betikoa!”, betikoa ez! 1951n ez zan existiduten, gu zaharragoak gara! Askotan esaten dira holakoak baina betikoa… ez da ezer be ez, ze ez dakigu. Holan, zaharra deskubridu genduan ez zala betikoa, kopla gehiago egozala. Sartu doguzanak diskoan, zaharren kasuan, izan da estrofa batzutan harmonietan barriztapen batzukaz. Bai musikan bai letretan, barrikuntzaren bategaz sartu doguz.

Erlijiosoak bai, baina zuztar paganoak be gogoratu dozuen ezta?

Bai, diskoko atzenengo piezea Agategaz olgetan da. Pieza instrumentala da, akordeoiagaz eta makilakaz. Diskoak kriston kutsu erlijioso dauka eta nire kasuan, nire ideak ez doaz hortik. Orduan esan genduan, ba goazen konpensetako zeozer egitera, jente guztiarentzako. Ze badago jentea ez dauana sinisten eta dana bildu gura dogu. Nik nire beste fazeta baten asko inprobisetan dot eta holako gauza raroak egiten dodaz. Pentsau neban mundu horretako zeozer diskoan sartzea.

Egin genduana izan zan, Gabonetan batu Simon Arriola perkusionistea, Larraitz Navas nire ahiztea makilakaz eta ni akordeoiagaz, Zeanuriko eleizan. Han egon ginan goiz oso bat inprobisetan, Agate Deunaren melodiak eta erritmoak hartuta eta makilakaz egin ahal ziran kolpe motak hartzean. Makilea eskaileratik behera botaten, aulki eta barandetan joten… soinu desbardinak ateraten. Ze makilearen funtzinoa zan lurra izartutea, baina makilea leku askotan jo daikezu.

Adibidez kontzertuan egin genduan sarreratxoan, umeen jolasena. Izan zan ikusteko zertarako gehiago erabili ahal dan makilea; jantzatuteko, burrukarako, jolasteko… Hainbat funzino daukaz eta pieza honetan bueltau gara giro pagano horretara eta ibili gara jolasean, melodia desbardinakaz inprobisauta. Gero nik egituratu nebazan estudioan eta lortu genduan hamaika minutuko pieza luze-luze bat. Eta diskoaren amaierara arte eusten dauanak, hori be iruntsiko dau!

Zelan hartu dau jenteak diskoa eta kontzertua?

Jo ba nik uste dot jenteak ez ebala espero hain kontzertu luze eta landua. Atzenean esaten dabe, ba Arratiako Korua beti bardina, bi kanta eta badoaz. Gure genduan Areatzan erakutsi zergaitik egiten doguzan hainbeste entsegu, ze egia esan kanta asko daukaguz. Zortzi Agate Deuna dira, gero afinetako gatxak diranak… Gehiena egiten dogu a capella kantau, akonpainamentu barik, eta hori oso gatxa da alfabetizauta ez dagoan jenterentzako. 

 Nik uste dot kontzertua biribila izan zala, zentzu guztietan, baina ez bakarrik jentearentzako, guretzako be. Probetako profesional moduan be egin ahal dogula, eta horretarako ikasten dogula.

Mantenidu behar da afinazinoa, tempo-a… Nik uste dot kontzertua opari bat izan zala jentearentzako, baina guretzako bebai. Ikustea kantau ahal dogula ordu eta laurden, dana segiduan eta gainera, hari bategaz, testu desbardinakaz… Agate Deunari kritikak botaten bebai, sinkretismoa. Zergaitik santua, zergaitik martiria, sufrimentua? Testuakaz ikutu moderno bat emotea eta beste hausnarketa batzuk egitea.

Umeen kasuan, joko moduan planteau genduan hasikerako antzerkiagaz eta sinboloakaz jolastuta. Holan makilak publikoaren artean banatu genduzan eta zapiak eta txapelak eskegi ziran makiletatik, eurei be beste ikuspuntu bat emoteko. Nik uste dot kontzertua biribila izan zala, zentzu guztietan, baina ez bakarrik jentearentzako, guretzako be. Probetako profesional moduan be egin ahal dogula, eta horretarako ikasten dogula.

Jenteak esan deusku bebai, ze ondo kantetan dogun. Ez dakit ze idea eukingo eben! “Ze profesionala, zenbal lan…Bilboko koru bat emoten dozue…”. Nik uste dot pentsau ebela apur bat aspergarria edo izango zala ze klaro, zortzi Santa Ageda dira. Saiatu ginan arina egiten eta nik pentsau lortu genduala. Eleizea hankaz gora ipini genduan! Oso oso pozik baina peneagaz, ze esfortsu handia izan da. Oin abstinentzia sindromea daukat.

Zelan sentidu zarie zuok ba, kontzertuaren ostean?

Ba penea. Bat bakarrik izan da-ta. Esan deustie ia zergaitik ez dogun bat Zeanurin egiten. Ikusiko dogu, ondo egongo zan ze lan asko izan da baina egia da, Areatza eta Zeanuri alboan dagozala eta jente bardina dala. Plana ez da nazkatutea bez. Baina gure aldetik super pozik eta errealizauta. Ez genduan espero eutsi eta hain ondo urtengo zanik. Urduri egozan baina eutsi eben eta ni oso pozik nago, euretaz oso harro. Zelan mantenidu eben afinazinoa, kontzentrazinoa… Jentea dago nahiko nagusia dana eta ostras, konplikadua da hor zutunik eta ordu eta piku egotea. Ezin hobeto urten zan eta euretaz super harro nago.

 Santa Ageda hortik dator atzenean, hemen bizi ziran baserritar pagano jentil horreetatik bihurtuten joan da, sinkretismoagaz eleizan sartu zan baina atzenean, gauzea da herrikoia dala eta listo.

Kontzertuko ze momentu azpimarratuko zenduzan?

Ba batetik hasikerea, ze oso urduri gengozan eta beti pasetan da zeozer. Bat-batean makila pilo bat desagertu ziran. Bost minutu lehenago umeak etorri jatazan banatuteko beste makilarik ez egoala esaten. Eta aterkiakaz urten behar izan ziran, makila bigaz zirkuluan joten eta batzuk aterkiakaz.

Gero, ez neban espero amaierakoa. Lore sorta emon eustien, eta Xabiren diskursoa negar baten… Niretzako oso berezia izan zan, asko maite dodaz. Ez neban diskurso hori espero eta badakit berak oso txarto pasau ebala eta berarentzako irakurtea erronkea izan zala. Negar baten hasi zan eta amaitu zanean kriston eztanda bat izan zan. Eskerrak danentzako, pilo bat dira eta besarkada asko falta jataz.

Hasikerea eta bukaerea holan, baina erdian bebai… Batzutan gertatuten dana da, nerbioakaz ez zagozala momentua biziten; baina uste dot lortu genduala.

Oin emoten dau indartsu zagoziela, helduko da korua 100. urteurrenera?

Ba nik baietz uste dot, holango osasunagaz eta gazte gehiago engainetan badoguz… Oin igual gazteentzako, ikusten dabenean Santa Agedaz gainera bidaiak, kontzertuak eta abar egiten doguzala ikusita motibagarri eta erakargarriagoa izango dala. Ikusten dabenean eleizako ingurunetik urteten garela eta erlijinotik kanpo be gauzak iten doguzala… Erakargarria dala pentsetan dot eta Santa Ageda hortik dator atzenean, hemen bizi ziran baserritar pagano jentil horreetatik bihurtuten joan da, sinkretismoagaz eleizan sartu zan baina atzenean, gauzea da herrikoia dala eta listo.



Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!