Arratiko Zekorrak Rugby Taldeko presidenteak, Unai Zuluagak, partizipazinoak zenbatuteko orduan "akats bat" egon zala onartu dau. Efe agentziari adierazo deutsanez, “astelehen arrastira arte ez ginan konturatu” oindino 220 partizipazino baino gehiago dagozala ordainduteko eta ez zala dirurik geratuten. Oindino, banatuteko ia 2,2 milioi euro falta ziranean. Ertzaintzak BEGITUri ziurtatu deutsanez, momentu honetan 109 salaketa dagoz indarrean Arratiko Zekorrak errugbi taldearen kontra.
Arazoa argitara emon zanean, kaltetuetako batek BEGITUri hurrengoa adierazo eutsan: “Guk ez daukagu ezeren errurik eta taldeak bideratu beharko dauz, danok gure dirua kobretako, egin beharreko gestinoak. Halanda be, nire partetik, nirea danagaitik parau barik burrukatuko dot”.
Holan, atzo, maiatzak 7, kaltetu guztiak Igorreko udaletxean batu ziran egingo dabezan hurrengo pausuak ebazteko. Atzokoa bilera informatiboa izan zan baina bertan kaltetuen erregistroa egin eta abogadu bat kontratauko dabela ebatzi eben. BEGITUk jakin izan dauanez, batzarrean kalez jantzitako ertzainak be egon ziran. Hurrengo batzarra abogaduagaz izango da baina oindino ez dakie noz. Telegram talde bat sortu dabe bertatik informazinoa eta komunikazinoak erraztuteko.
Batzarraren ostean ezjakintasuna eta amorrua ziran kaltetuen artean gehien ikusten ziran sentimentuak, honeetako batek adierazo eban moduan, “kriston penea” daukie gorputzean sartuta eta hainbat dira buruan daukiezan teoria desbardinak: “Ez dakigu zehatz-mehatz zer pasau dan bakotxak pelikula desbardin bat kontetan deuskulako, baina nik pentsetan dot eurak arinagotik jakin dabela zer pasau dan, ze nire ustez hau ezta bape normala”.